Ibon GAMINDE AYA

Beatriz Sever eta Itsasne Nuñez, pregoilaria eta txupinera: «Herritarrekin batera jai giroaz disfrutatzeko gaude»

Aste Nagusiaren 41. edizioan bi emakume izango dira jaiaren ordezkari nagusiak: Beatriz Sever Egaña, adingabe transexualen familien elkarteko kidea, izango da aurtengo pregoilaria eta Itsasne Nuñez Viadero, Otxarkoaga auzoko Pa...ya! konpartsako kidea, txupinera. Jakin badakite bederatzi egun gogor izango direla, baina prest daude esperientzia paregabe hau bizitzen hasteko.

Itsasne Nuñez eta Beatriz Sever, txupinera eta pregoilaria. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Itsasne Nuñez eta Beatriz Sever, txupinera eta pregoilaria. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bea Sever Egaña 1973an jaio zen Londresen. Algortan bizi arren, guraso bilbotarrak ditu. Hogei urtez kazetari lanetan ibili ostean, bere ustezko alaba semea zela jakin zuenean buru-belarri sartu zen sexologiaren munduan. Hasieran Chrysallis taldean, eta orain Naizen elkartean dihardu. Itsasne Nuñez Viaderok, berriz, 30 urte ditu eta Otxarkoagako Pa...Ya konpartsako kidea da. Zuzenbidean lizentziatu zen eta sindikalgintzan lan egiten du. Unibertsitate garaian hasi zen Pa...Ya konpartsan parte hartzen eta hortik aurrera zeharo aldatu zitzaion jai herrikoiak ulertzeko eta bizitzeko ikuspuntua.

Nola jakin zenuten hautatuak izan zinetela? Pozik hartu zenuten izendapena?

Itsasne Nuñez: Oporretan nengoen, kartetara jolasten, eta nik banekien arratsalde horretan konpartsako asanblada bat izango zela txupinera nork izan behar zuen erabakitzeko, baina beste izen batzuk nituen buruan. Gure konpartsan txupinera izatea merezi duten emakume zerrenda luzea dugu. Horregatik, proposamena egiteko deitu zidatenean sorpresaz bota nuen: ‘txupinera ni?!’; eta une horretan nire ondoan zeuden ama eta amamari ilusio espresio handi bat irudikatu zitzaien aurpegian, eta hori ikusita ezin izan nion eskaintzari uko egin.

Bea Sever: Ezustean harrapatu nau izendapenak, ez nuen inondik inora imajinatzen. Aurreko egunean esan zidaten nire izena proposatuko zutela, baina beste batzuk aterako zirelakoan nengoen. Deitu zidatenean oso harrituta geratu nintzen, baina beste alde batetik, oso pozik izendapenarekin. Hala ere, hortik bi egunera konturatu nintzen ardura eta erantzukizun handia zela, pixka bat urduritu ninduen. Kontua da familia gazte eta ume asko ditudala atzetik, haien bozeramaile izango naiz eta gai hauek oihartzuna izan dezaten aukera paregabea denez, horregatik esan nuen baietz berehala.

Prest al zaudete datorrenari gogoz ekiteko?

B.S.: Aste Nagusia beste era batean bizitzeko irrikaz nago. Baina aldi berean badakit gogorra izango dela, beste pregoilari batzuekin hitz egiteko aukera izan dut eta aitortu didate esperientzia paregabea dela baina aldi berean oso nekagarria.

I.N.: Indarrak biltzen igaro dut uda osoa eta, orain, unea heltzeko irrikaz nago; eta Bearekin batera Aste Nagusirako kuadrilla aparta osatuko dugula uste dut.

Guztion miran egongo zarete hurrengo bederatzi egunetan. Nola eramango duzue hori?

I.N.: Lasai asko. Gurekin mintzatu edo gurekin argazki bat atera nahi duen oro ongi etorria izango da. Aste Nagusiko bi ikono garrantzitsu dira pregoilaria eta txupinera, eta hein handi batean horretarako gaude, herritarrekin egoteko eta beraiekin batera jai giroaz disfrutatzeko.

B.S.: Nahiko potentea izango da hainbeste jende guri begira edukitzea. Aste Nagusiaren aurretik ere jendeak kalean gelditzen nau animatzeko: ‘Aupa pregoilari!’. Badakit gogorra izango dela alde horretatik, apenas intimitaterik gabeko egunak. Nik elkartearengatik egiten dut, espero dut Aste Nagusia pasata jendea ez akordatzea nirekin, baina bai nire mezuarekin.

Nori eskainiko diozue aurtengo txupinazoa?

B.S.: Zalantza barik, haur eta gazte transexualei eta euren familiei eskainiko diet nire pregoia. Hortik joango da nire aldarrikapena eta batez ere aniztasunaren aldeko aldarria, gurea bezalako gizarte batean denok daukagulako lekua eta denok izango garelako askeagoak benetan nor garen izateko.

I.N.: Nik zorakeria hau posible egiten duten boluntario guztiei eskaini nahi nieke txupinazoa. Aipamen berezia, Pa...Ya konpar- tsa osatzen dugun familia erraldoiari eta espresuki, gure kide Arantza Garbayori. Bera izan zen Pa...Ya-ko lehenengo txupinera duela 20 urte eta aurtengo txupinazo hau, maitasun osoz, berari eskainia egongo da.

Zergatik da zuentzat hain berezia Aste Nagusia?

I.N.: Hiria eta hiria bizitzeko era goitik behera aldatzen delako. Bederatzi egunez, kaleak okupatu egiten ditugu, disfrutatzeko eta disfrutarazteko helburu bakarrarekin. Semaforoek funtzionatzeari uzten diote, trafikoa gelditu egiten da, eta astebetez, egunerokotasunak inposatzen dizkigun ardura eta zeregin guztiez ahazteko aukera izaten dugu familia eta lagunekin batera.

B.S.: Niretzat betidanik izan da oso berezia Aste Nagusia, gurasoak bilbotarrak ditut. Nire nebekin batera pasatu izan ditut Aste Nagusiak Bilboko bihotzean dagoen amamaren etxean.

41. edizioa da aurtengoa. Nola bizi izan duzue zuek aurretik Aste Nagusia? Oroitzapenen bat kontatzeko, pasarteren bat...

I.N.: Nik, askok bezala, konpartsakide izateak markatzen duen erritmora dantzan. Orokorrean, egunean zehar programazioa aurrera ateratzeko txandak egiten eta azken ordukoak konpontzen. Lasaitzeko unea niretzat iluntze aldera heltzen da. Gauez ere sekulako giroa dago, dena den. Horregatik orain, lagunek ziria sartzen didate Aste Nagusiko ‘txupitera’ izatetik ‘txupinera’ izatera heldu naizelako.

B.S.: Akordatzen naiz uholdeak izan zirenean amamaren etxean ginela lehengusu guztiekin, eta hor geratu ginen isolatuta. Ezin ziren gurasoak gure bila etorri, gu argi barik, janari barik, ezer barik. Orduan amamak leiho ondoan josten jarri gintuen... eta denak ikasi genuen josten (barreak).

Aste Nagusiari gehituko ala ken- duko zenioke ezer? Zer ikusten duzue faltan eta zer soberan Bilboko jaietan?

I.N.: Gehitu... jende berria gehituko nuke, parrandazale berriak beti direlako ongi etorriak. Adibidez, belaunaldi jakin bateko parrandazaleen aportazioak sumatzen ditut faltan. Pentsionistei buruz ari naiz. Astelehenero euren burua antolatzeko erakutsi duten gaitasun horrek jai ereduan ere izan behar duelako isla. Batzuk badaude horretan buru-belarri, nik ezagutzen ditut. Seguru nago subjektu aktibo bezala jaiei ekarpen izugarriak egin ahal dizkietela. Eta soberan dagoena argi dago, tamalez: matxiruloak. Misoginia eta faxismoak milaka espresio ditu, horietariko batzuk, ebidenteenak direnak, onartuak ditugu gaurko gizartean; beste batzuk, ez horrenbeste. Behin eta berriro errepikatuko dugu, baboso eta erasotzaileak ez direla gure espazioetan ongi etorriak. Horregatik, lanean ja- rraituko dugu inolako erasorik gabeko jaiguneak eraiki arte.