Bilboko kaleak «itzartzen» ari dira igande eguerdian lehen festa gauaren ostean. Umeak izan dira protagonista nagusiak goizean zehar. Gargantua Arriaga antzokiko plazan izan da eta buruhandien aurrean korrika egin eta erraldoiak ikusteko aukera ere izan dute txikienek.
Bestalde, Bilboko konpartsek jakinarazi dutenez, goitibiren jaitsierak bertan behera gelditu behar izan dira «arazo teknikoengatik». Dirudienez, lastoa ekarri behar zuen kamioia ezin izan da iritsi.
Hala ere, programaturiko goitibera tailerra egin ahal izan dute. Ez da antzeko ekimen bakarra izan. Talo eta txalaparta tailerrak ere egin dituzte Areatzako jai gunean.
Udaleko ordezkari politikoak Kasilda Iturrizar parkean izan dira bertan kokaturiko Txikigunearen irekiera ekitaldian. 30 bat jarduera, horien artean rock kontzertu bat, egingo dutela bertan jakinarazi dute.
Lehen gaua igaro denean, Udalak zortzi atxilotu izan direla jakinarazi du. Atxilotuetako bati polizia bati erasotzea egotzi diote. Aldi berean, 88 lapurreta salatu dituztela komisaldegian aipatu dute. Horietako hamarretan indarkeria erabili dutela lapurtzeko azaldu dute.
Bestalde, 79 pertsona artatu dituztela zerbitzu medikuek gaineratu dute. Zauriak, kolpeak edo alkoholaren eraginez.