Gizonezko bat atxilotu dute goizaldeko 5.00etan Bilbon emakume bati sexu eraso bat egiteagatik. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, lokal baten kanpoaldean erretzen zegoela, erasotzaileak bortizki heldu eta ukituak egin dizkio emakume bati. Biktimak salaketa aurkeztu du Miribillako polizia etxean, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu ondoren.
Horren harira, Bilboko Udaleko talde politikoek «irmotasun osoz» gaitzetsi eta bere samina agertu nahi izan du Urkixo Zumarkalean izandako eraso matxistarengatik. «Ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez», adierazi du Udalak ohar batean.
Gainera, Udalak «berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta», edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatu die herritarrei eta inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu.
Hori dela eta, horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko duela iragarri du eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu.
Elkarretaratzea
Aste Nagusiko gau hauetan gertatutako emakumeen aurkako eraso fisiko eta sexu eraso saiakeren aurrean, Bilboko konpartsek erasoen aurkako protokoloa aktibatu dutela azaldu dute, «sexu eraso eta eraso fisikoei erantzuteko».
Arratsaldean elkarretaratzea egin dute Areatzako zubiaren ondoan eta gauerdian geldialdia eta burrunbada egingo dute sexu erasoa salatzeko. Mobilizazio jendetsua izan da eta ordezkari politikoek, Marijaiak, txupinerak eta pregoilariak ere parte hartu dute.