Naiz
Donostia

Paul Schrader, Tian Zhuangzhuang eta Béla Tarr, Zinemaldiko Klasikoak sailean

Klasikoak sailean ‘Mishima: A Life in Four Chapters’, ‘Dao ma zei / The Horse Thief’ eta ‘Sátántangó’ klasiko modernoak eskainiko dituzte. Iaz film bakarrak osatzen zuen Tabakalerako aretoan proiektatutako sail hau, baina aurten hiru lanetara zabaltzea erabaki dute.

‘Sátántangó’, zazpi ordu eta erdiko filma, osorik eskainiko dute. (NAIZ)
‘Sátántangó’, zazpi ordu eta erdiko filma, osorik eskainiko dute. (NAIZ)

Aurten hiru klasiko modernok osatuko dute Zinemaldiko Klasikoak saila: Paul Schraderren ‘Mishima: A Life in Four Chapters’ (1985); Tian Zhuangzhuangen ‘Dao ma zei / The Horse Thief’ (1986) eta Béla Tarren ‘Sátántangó’ (1994). Iazko ‘Ladri di biciclette / Bicycle thieves’ (1948) filmaren emanaldiaren ondotik, hirura handituko da zaharberritutako bertsioetan Tabakaleran berrikusi ahal izango diren filmen kopurua.

Cannesen ekarpen artistiko onenaren saria irabazi zuen ‘Mishima: A Life in Four Chapters’ filmaren lehen proiekzioa irailaren 24an izango da 19.00etan. Yukio Mishima (1925-1970) irudikatzen duen film horretan, Ken Ogatak hezurmamitu zuen idazle eta dramagile japoniarra. Paul Schrader (Grand Rapids, Michigan, EEUU, 1946) nia, artea eta gizartea harmoniaz bateratzen saiatu zen gizonaren barne-zurrunbilora eta kontraesanetara hurbildu zen. Zuzendariak kamera atzean egindako bosgarren filma izan zen, baina aurrez ibilbide nabarmena egina zuen gidoiak idazten, besteak beste, ‘Yakuza’ (Sidney Pollack, 1974), ‘Taxi Driver’ (Martin Scorsese, 1976) eta ‘Raging Bull’ (1980) filmetan. Zuzendu dituen lanen artean, American Gigolo (1980), Affliction (1997) eta First Reformed (2017) aipa daitezke.



Irailaren 27an, 16.00etan, ‘The Horse Thief’ film luzeko lehen proiekzioa izango da. Tibetar baten bizitza gorabeheratsuaren berri emango digu; familiari mantenua eramateko ahaleginetan ari dela, zaldi bat lapurtzen aurkitzen dutenean, tributik kanporatuko dute. Tian Zhuangzhuang (Beijing, Txina, 1952) bere belaunaldiko txinatar zinemagile garrantzitsuenetako bat da. Bereak dira, besteak beste, ‘Hong xiang’ (The Red Elephant, 1982), ‘Lan feng zheng’ (The Blue Kite, 1993) eta ‘Xiao cheng zhi chun’ (Springtime in a Small Town, 2002) filmak.



‘Sátántangó’-n, László Krasznahorkai idazlearen izen bereko eleberrian oinarritu zen Béla Tarr (Pécs, Hungaria, 1955) nekazari talde txiki eta zaharkitu bateko kideak irudikatzeko, komunismoa erori eta gero ustekabean diru kopurutxo bat jaso eta herritik joateko prestatzen ari direnean. 1994an, Berlinen Caligari saria irabazi zuen zazpi ordutik gorako metrajea duen zuri-beltzeko film horrek. Irailaren 28an osorik proiektatuko da, 16:00etatik aurrera, 15 minutuko bi atsedenaldi barne. Tarrek ere film aipagarriak zuzendu ditu: esaterako, ‘Kárhozat’ (Damnation, 1988), ‘Werckmeister harmóniák’ (Werckmeister Harmonies, 2000) eta ‘A torinói ló’ (The Turin Horse, 2011). Hain zuzen, azken horrek Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI saria irabazi zituen Berlinen.