NAIZ

Gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu bihar hiriburuetan 11/13 makroepaiketaren aurka

Gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu ostiral honetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, presoen eskubideen defentsan jarduteagatik 47 herritar epaituko dituen 11/13 makroepaiketaren aurka. «Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian» lelopean, 12.00etatik aurrera izango dira elkarretaratzeak.

11/13 sumarioko 47 auzipetuen aldeko agerraldia Azpeitian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
11/13 sumarioko 47 auzipetuen aldeko agerraldia Azpeitian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan irailaren 16an Espainiako Entzutegi Nazionalean hasiko den 11/13 makroepaiketaren aurrean. Sindikatuek nabarmendu dutenez, «47 lagun epaituko dituzte euskal presoen eskubideen alde jarduteagatik» eta orotara 601 urteko zigor eskaerari aurre egin behar diote.

«Euskal jendarteak aurrera egin nahi du, eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da», adierazi dute euskal sindikatuek ohar batean. Hori dela eta, «Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian» lelopean deitu dituzte makroepaiketa berri hau salatzeko mobilizazioak.

Mobilizazioak 12.00etan hasiko dira: Bilbon, Plaza Eliptikoan; Donostian, Alderdi Ederren; Gasteizen, Andra Mari Zurian, eta Iruñean, Udaletxe plazan. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek adierazpenak egingo dituzte auzi honen harira.

Azken asteotan eragile ezberdinek elkartasuna adierazi diete auzipetuta dauden 47 herritarrei eta irailaren 14rako Bilbon deitu duten manifestazio nazionalarekin bat egin dute. Gaur bertan, Etxerat elkarteak agerraldia egin du horren harira.

Eta iragan asteartean, Errenteriako EH Bildu, HB eta PSEko hainbat alkatek epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute.