Amalur ARTOLA

‘Il pleuvait des oiseaux’, bizitzaren agintea berreskuratzeaz

Ezarriak izan zaizkigun bideei izkin egin eta nork bere bizitzaren agintea hartzeaz mintzatzen zaigu Louise Archambault ‘Il pleuvait des oiseaux’ filmean. Basoan bizi diren hiru ermitau eta Sute Handia ikerten dabilen argazkilaria dira filme hunkigarri honetako protagonistak.

‘Il pleuvait des oiseaux’ filmeko lantaldea. (FOKU)
‘Il pleuvait des oiseaux’ filmeko lantaldea. (FOKU)

Bizitzak, zenbaitetan, aurrez ezarriak izan diren bideetatik garamatza eta, maiz, ez da erraza izaten zilborreste hori ebaki eta bide berria ekitera arriskatzea. Nork bere bizitzaren agintea hartzeko inoiz ez dela berandu dakarkigu gogora Louise Archambaulten ‘Il pleuvait des oiseaux/And The Birds Rained Down’ filmak.

Jocelyne Saucier-en izen bereko eleberrian oinarritu da zuzendari kanadarra protagonistatzat hiru ermitau eta horien bizitza aztoratzera datozen bi emakume dituen filma eraikitzeko. Basoan, bakoitza bere ihesaldi pertsonala eginda bizi dira ermitauak baina, halako batean, bi emakume, Sute Handia ikertzen ari den argazkilari bat eta adinekoen egoitzatik ihes eginda dagoen emakumea sartuko dira euren bizitzetan. Une horretik aurrera, Archambaultek pertsonaia bakoitzaren ertzak argituko dizkigu, historia pertsonaletan arakatuz, ahulgune eta indarguneak zenbatuz eta, finean, guztiak berdintzen dituena euren bizitzen agintea berreskuratzeko adorea bildu izana dela frogatuz.

Emanaldiaren ostean, prentsaren aurrean mintzatu da filmeko lantaldearen ordezkaritza bat. Filmean zehar gai ugari eta denetarikoak ukitzen badira ere, pelikularen gai nagusiak maitasuna eta askatasuna direla nabarmnedu nahi izan du Archambaultek: «Horiek biak dira nagusiak eta gero badaude mikrogai batzuk eta gurutzatzen diren istorioak. Boychuck da pertsonaia beteranoena; sute batean familia osoa galdu du eta kosta egiten zaio maitatzea, horregatik isolatzen da ermitau gisa. Gertrudek instituzio mentaletan eman du bizitza eta orain basoan askatasun berri bat aurkituko du», eta pertsonaia honen bidez hitz egingo du Archambaultek ere gehiegizko medikazioak gizartean duen eraginaz.

Horiekin batera, basoan bat egingo duen talde atipiko honetako partaide dira halaber minbizia diagnostikatzean etxea utzi eta basoan hiltzea erabakiko duen gizona eta alkoholarekin arazoak dituen musikari ohi bat. «Pertsonaia horien bidez hainbat azpigai lantzen dira eta erakusten da gertatzen dena gertatzen dela itxaropenak lekua eduki behar duela gure bizitzetan, garrantzitsuena dela bizitzan ditugun aukerak nola erabiltzen ditugun», esan du zuzendariak.

Adinekoen arteko sexu-harremanei ere heldu die Archambault-ek. «Maitasunaz hitz egiten dugu, baina baita desiraz ere. Eszena intimo horretan, adina alde batera utzita, edertasuna eta desira erakutsi nahi nituen».

Filma Saucier-en izen bereko eleberriaren egokitzapena bada ere, zenbait elementu ezabatu eta filmerako berriak sortu dituela ere azaldu du Archambaultek. «Egitura ezberdina zen eta beharbada gehiago garatu ditut zenbait pertsonaia. Eszena intimo hori adibidez eleberrian bazegoen, baina Tom ez zen abeslaria. Nik abeslari bihurtu nuen, eta abesti horien bidez pertsonaiaren barrukoa erakusten dela uste dut».

Zuzendariaren hitzetan, pertsonaia guztiek askatasunari eta aukeratu ahal izateari ere aurre egin behar diote. «Askeak dira, pribilegiatuak, eta garrantzizkoa da aukeratu ahal izatea. Nire pertsonaiek ausardia behar dute hori egin ahal izateko».