Amalur ARTOLA

‘Rocks’, oskolaren azpian dagoena

‘Rocks’ drama sozialarekin sartu da Sarah Gavron Urrezko Maskorraren lehian. Amaren desagerpenaren ondotik, urtetan eraiki duen oskolari egin beharko dio aurre Rocks neskatoak. Lagunei lagun izaten utzi egin behar zaiela ikasiko du.

‘Rocks’ filmeko Sarah Gavron zuzendaria eta Theresa Ikoko, gidoilaria. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Rocks’ filmeko Sarah Gavron zuzendaria eta Theresa Ikoko, gidoilaria. (Gorka RUBIO/FOKU)

Haur zirela eskola jazarpena jasaten zuen neskato baten babesle bilakatu izanagatik Rocks goitizena ezarri zioten neskatoa da Sarah Gavronek Sail Ofizialera dakarkigun filmeko protagonista. Egun nerabea da Rocks, itxuraz zoriontsu bizi da Londreseko periferiako auzune kulturanitz batean –bera erdi nigeriar erdi jamaikarra da– ama eta Emmanuelle anaia txikiarekin, baina inguruan duen mundua gainbehera egiten hasiko zaio ustekabean amak, antza buruko gaitzen batek eraginda, etxetik ihes egiten duenean.

Rocksentzat egoera ez da berria. Lehendik ere «atsedenaldiak» hartua da ama, eta pairatu duen babes gabezia eta ezegonkortasun horrek bere kabuz moldatzen ahalegintzeko joera eta emozioak adierazteko ezintasuna eragingo dizkio. Aurrean duen egoeraren gordinak, baina, oskol hori deseraikitzera derrigortuko du.

Filmaren erdigunea Rocksek eta bere lagun taldeak osatzen dute. Neska horiek aurkitzeak urte osoko lana eman ziela azaldu dute prentsaurrean Sarah Gavron zuzendariak eta Theresa Ikoko gidoilariak. «Prozesua oso berezia izan zen, neskak gidoia idatzi aurretik aurkitu genituelako eta, beraz, gidoia horien arabera idatzi genuen», esan du Gavronek. «Bukky [Bakray, Rocksen rola jokatzen duen neskatoa] ezagutu bezain pronto jakin genuen bera izango zela filmean lantzen diren zenbait gai mahaigaineratuko zituena, adina baino zaharragoa zirudien arren bazekielako disfrutatzen, bazekien maitatzen baina aldi berean haurraren ezaugarriak ere bazituen», azaldu du gidoilariak.

Bazterkeria eta aukerak

Filma Londreseko ekialdeko auzuneetan filmatu zuten. Bertan kultura ezberdinetako jendea bizi dela eta maiz bazterkeria kasuak ematen direla nabarmendu dute zuzendariak zein gidoilariak, baina ‘Rocks’en egoera hori testuingurua finkatzeko soilik erabili nahi izan dutela adierazi dute. «Bazterkeriaz hitz egiten duten film asko daude, amorrua agertzen dutenak. Askotan entzuten dugu gazteak problematikoak direla, bandetan sartzen direla… hor ikusten da zein den bazterkeriaren ondorioa. Amorrua sentitzeko arrazoi asko dituzte, ez zaizkie aukera onenak eman, baina hala ere saiatzen dira nolabait duten onena ematen», argudiatu du Ikokok, eta euren nahia «gazteak nolakok diren gogoraraztea» izan dela nabarmendu du: «Aukerez betetako pertsonak dira eta behar bezala tratatzen badira aukera horiek mugagabeak izan daitezke».

Amaren irudi lausoa ere izan dute hizpide. Buruko arazoak dituela aipatzen bada ere, filmak ez digu argitzen zer dela eta desagertu den ama, ez eta itzuliko den ere. «Ahalik eta ama anbiguoena izatea nahi genuen. Gauzak gehiegi zehazten direnean gugandik urrundu egiten dugu istorioa. Kasu honetan, testuinguru bat sortu genuen narratiba hori sor zedin eta horrela istorioa unibertsalagoa bilakatu», azaldu du Ikokok.

Fimaketaz Gavron mintzatu da. Azaldu duenez, filmatzeko prozedurak dokumentalaren tankerakoak izan ziren, neskatoak ahal bezain eroso egotea eta naturaltasunez jokatzea baitziren zuzendariaren nahietako bi. «Haseratik argi genuen bi kamera izango genituela, neskek ahalik eta modu askeenean lan egin zezaten nahi genuelako», esan du, eta zeregin horretan Helene Louvart argazki zuzendariak izan duen papera nabarmendu du: «Iraganean gizonekin lan egin izan dut eta kasu honetan emakumeengana bakarrik jotzea erabaki nuen; horrek begiak ireki zizkidan elkarlanarekiko. Helenek bereziki oso modu emozionalean erantzun zuen, eszena bakoitzaren emozioei buruz hitz egiten zuen eta berak zerikusi handia izan du benetako lekuetan soilik filmatzea erabakitzearekin. Ez dugu set bakar bat bera ere erabili eta horrek eragin du neskek inguru propioan zeudela sentitzea».