Asier AIESTARAN

Euskadi-Murias ez da tropelean izango datorren denboraldian

Taldeak ohar bat argitaratu du proiektua bertan behera gelditzen dela berretsiz, «lortutako arrakastak etengabe haztera behartu» dituelako eta «gure baliabideekin hazten jarraitzea ezinezkoa» delako.

Euskadi-Muriasen azken ekitaldietako bat (Jon URBE / FOKU)
Euskadi-Muriasen azken ekitaldietako bat (Jon URBE / FOKU)

Euskadi-Murias taldeak ohar baten bidez baieztatu du datorren denboraldian ez duela jarraituko taldearekin. «Lortutako arrakastak etengabe haztera behartu gaitu eta gure baliabideekin hazten jarraitzea ezinezkoa denez, une honetan alde batera egitera behartuta gaude», azaldu dute adierazpen horretan, beharrezko zuten babesletza ezin izan dutela lortu baieztatuz.

Atzera begira, «azken urteen balantzea oso pozgarria» dela diote. «Lortutako kirol emaitzengatik eta taldean sortutako giroarengatik, bai gurekin ibili diren kirolarien eta staff teknikoaren aldetik, ohorezko matrikula jarriko genioke gure ibilbideari».

Duela bost urte sortu zen taldea Jon Odriozolaren eskutik, «euskal txirrindularitza berpizteko helburuarekin», aurreneko hiru urteetan kontinental mailan eta azken biak kontinental profesionalean.

«Hasiera-hasieratik kirol eta antolakuntza bikaintasunean oinarritutako harrobi proiektua garatu nahi izan genuen. Gure desira euskal neska-mutilei nazioarteko mailarik gorenean lehiatzeko aukera ematea izan da beti. Euskal zein munduko zaleek beti ilusio handiz jaso dute gure taldea, parte hartu dugun edozein herrialdetan, eta bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu. Uste dugu Euskadiren izena munduko errepide guztietara eraman dugula eta ziur gaude euskaldun guztiontzat onuragarria izan dela», amaitzen da taldearen oharra.

Odriozolak aurreratu du gaur ez duela adierazpenik egingo, baina bihar ohar bat aterako duela bere ikuspuntua azalduz.