EH Bilduren oinarriek gauerditik arratsaldeko 18.00ak arte bozkatu dute Mahai Politikoaren proposamena eta heldu den azaroaren 10ean izango diren hauteskundeetarako zerrendak errepikatzea onartu dute. %95eko babesa izan du proposamenak, koalizioak ohar batean azaldu duenez.
Hala, azaroaren 10eko hauteskundeetan iragan apirilaren 28ko zerrenda berberak aurkeztuko ditu EH Bilduk Kongresu eta Senatu espainiarrerako.
Gipuzkoatik, Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu izango dira Kongresurako zerrendaburuak; Bizkaian, Oskar Matute eta Idurre Bideguren; Araban, Iñaki Ruiz de Pinedo; eta Nafarroan, Bel Pozueta.
Senatuari dagokionez, Gorka Elejabarrieta, Arantza Gutierrez, Garazi Dorronsoro eta Oihan Mendo izango dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako zerrendaburuak, hurrenez hurren.
Apirilaren 28ko bozetan lau ordezkari lortu zituen EH Bilduk Kongresuan (Aizpurua, Iñarritu, Ruiz de Pinedo eta Matute), aurreko hauteskundeetan baino bi gehiago. Senatuan, ordezkari bat eskuratu zuen indar abertzaleak, Gipuzkoatik (Gorka Elejabarrieta).