Arnasa hartu du Garitanok Mallorcaren aurkako garaipenaren ostean eta halaxe baieztatu du ostiral honetan eskainitako prentsaurrekoan: «Irabazitakoan alaiago itzultzen zara lanera». Valentziaren zelaia bisitatuko du jardunaldi honetan (larunbata, 18.30etan) eta bergararrak ez du zalantza egin helburua zehazteko garaian. «Azkenen bi irteera horiek, Bilbo eta Donostikoak, oso txarrak izan ziren. Getafen partidu nahiko ona jokatu genuen, lehiatu genuen. Bilbon eta Donostin ez genuen lehiatu. Nekeza izango da Mestallako neurketa baina sentsazio horiek aldatzea izango da helburua, ea taldeak ondo lehiatzen duen», azaldu du.
«Jokatzen duenak jokatzen duela» taldearen esentzia ez galtzea da Garitanoren nahia eta bere ustetan, taldearen esentzia mantenduko da «eta talde fidagarria izango gara aurrelariek gogor defendatzen badute». Wakasok bosgarren txartel horia ikusi zuen aurreko igandean eta ezin izango du jokatu. Orain arte minutu gehien jokatu dituen hirugarren jokalaria izan da Ghanakoa, Ely eta Pinaren atzetik. Pachecok ere ez du bidaiatu, oraindik ere minbera baitu orkatila.
Larunbat honetako arerioari dagokionez, klubean eman diren aldaketa bortitzen ondotik «normaltasunez» aritzea da Garitanok nabarmendu duen kualitatea. Celades entrenatzaileari ere zorionak eman zion, «ez baita erraza normaltasun puntu batekin aritzea gertatu den guztia eta gero».
Mestallatik zerbait positiboa atera nahi badute asko hobetu behar dutela ere onartu du. Talde ona eta ondo lehiatzen dabilela iruditzen zaio Alaveseko prestatzaileari. San Mamesen «izugarrizko» neurketa jokatu zuela irizten du eta asteazkenean Ajaxen aurka 1-3 galdu bazuen ere, erasoko hutsegiteek kondenatu zutelakoan da: «Penalti bat huts egin zuen, aukera pila bat izan zituen eta Ajaxek ez zion barkatu bere atera iritsi zen aldiro».
Bolada onari jarraikortasuna ematea garrantzitsua dela azpimarratu du eta horregatik tematu da adierazten etxetik kanpoko bertsioa «hobetu» beharrean daudela. Hala ere, ez du uste bere taldea gaizki dagoenik, berak ondo ikusten du: «Derbiek izorratu ziguten».