Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Amaia Urrejola eta Mikel Oribe
SEXOLOGOAK

«Ez dago EAE baino leku hobeagorik Skolae bezalako programak martxan jartzeko, baina ez da egiten»

Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolako kideak dira. Bilboko beren egoitzatik, miresmenez begiratzen diote Nafarroako Skolae programari, sexu hezkuntza txiki-txikitatik eta modu integralean lantzen duen proiektuari alde onak baino ez dizkiotelako ikusten. Horrelako programen faltan, paraxutista eta suhiltzaile bezala lan egiten dute, bat-batean heziguneetan paratu eta suak itzaltzen.

Skolae hezkidetza programa Nafarroako 116 ikastetxetan ezarrita dago. Unescok saritua eta eskuineko sektoreek epaitegietaraino eramana, 0 eta 16 urte bitarteko lur eremua hartzen du Skolaek lanerako eta aitzurra barruraino sartzeko borondate irmoa du. Ikaslearen adinaren arabera, genero desorekak, eskola jazarpena, autoestimua, edertasun kanonak, maitasun erromantikoa, sexualitatea edota sexu erasoak lantzen ditu programak. Jendarte parekideagoa eta osasuntsuagoa eraikitzeko zutoin egokiak jarri nahi ditu Skolaek.

Eskuinaren erasoa ez da nolanahikoa eta kezka sumatzen da Skolaeren etorkizunaren inguruan. Baina, Skolae ez dagoen tokietan zer dago? Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, zer dago? Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolako Amaia Urrejola eta Mikel Oribe sexologoek garbi daukate: «Sexu heziketaren kasuan, curriculum ofizialean egon arren, bakoitzak nahi duena egiten du, nahi duenean, ahal duenean... eta egin edo ez egin, ez dauka ondoriorik».

Skolae ez dagoen tokietan, EAEn kasu, zer dago?

Mikel Oribe: Hasteko, nabarmendu beharko genuke sexu heziketa edo sexualitatea, zeharka, maila guztietan eman behar dela. Eusko Jaurlaritzak zehaztutako curriculum ofizialean horrela jasota dago. Curriculumean jasotzen denez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerako oinarrizko ezagupenak izan behar dituzte eta derrigorrez sexu hezkuntza landuta izan behar dute. Baina ez da egiten, irakasleek ez dutelako horren inguruko irakasgairik. Zuzendariak, orientatzaileak edo irakasleek kezka dutenean edo gaia begirunez ikusten duten kasuetan bakarrik egiten da zerbait. Horrelakoetan, kanpoko hezitzaile taldeekin jartzen dira harremanetan, gurekin edo beste batzuekin. Eta gu hezkuntza gune horretan paraxutista edo suhiltzaile moduan sartzen gara, normalean maila bakarrean, zorte pixka batekin DBHko ziklo osoan... baina hori oso ezohikoa da. Ikastetxe gehienetan ez da ezer egiten, nahiz eta curriculum ofizialak eginbehar bezala jaso.

Amaia Urrejola: Finean, eskolaren borondatearen esku geratzen da sexu heziketa. Zuzendariaren borondatearen edo, askotan, irakasleren batenaren arabera. Baina eskaera ez da etortzen familien aldetik. Normalean eskaera profesional baten eskutik etortzen da.

DBH aipatu duzue. Ez al da berandu?

M.O.: Oso berandu da. Guk Lehen Hezkuntzan zerbait egiten dugu, baina normalean bosgarren mailan hasten gara. Ez dut uste sexu heziketa goizago lantzen duten eskola asko egongo denik. Duela gutxi ikastetxe batetik deitu ziguten Lehen Hezkuntzako lehen mailatik zerbait egiteko eskatuz. Lehen mailatik sexu hezkuntza lantzeko proposamen bat egiteko eskatu ziguten. Baina hori salbuespen bat da. Skolae askoz aurreratuago dago, EAEn egiten dena baino askoz gehiago. Eta bitxia da, EAEn ez dagoelako erakunde ofizialik, eskolarik, elkarterik... sexu heziketaren kontra egiten duenik. Nafarroan bai, eskuineko sektoreek indarra dutelako. Baina ez dago EAE baino leku hobeagorik Skolae bezalako programak martxan jartzeko, baina ez da egiten. Normalean, arazo bat dagoenean kanpoko hezitzaileak sartzen dira. Egia da udaletxe batzuetan badaudela programa onak eta eraginkorrak. Baina, orokorrean, indarkeria matxistaren kontrako programak edo sexu aniztasunarekin lotutakoak izaten dira. Esaterako, transexualitate egoeran dagoen ikasleren bat dagoen kasuetan.

A.U.: Normalean ikastetxeei egiten zaien eskaintza Lehen Hezkuntzako seigarren mailan ematen da. Gero, DBHko mailaren batean eta Batxilergoan. Lehenago ez da ezer egiten.

Badirudi arazo bat dagoenean egiten dela zerbait. Eta, bitartean, zer?

M.O.: Horrelaxe da. Atzo bertan deitu zidaten eskola batetik. Transexualitate egoeran dagoen ikasle baten kasua aipatu zidaten. Transitoa egiten ari da, aldaketa egiten ari da denen aurrean. Eusko Jaurlaritzak badu zerbitzu bat doakoa eta publikoa, Berdindu izenekoa, egoerok kudeatzen laguntzen duena. Adibidez, irakasleentzat formakuntza bat eskaintzen du, egokia eta doakoa. Hori aipatu nion eskolako arduradunari eta erantzun zidan ez zuela formakuntzarik nahi, aholku jakin batzuk bakarrik nahi zituela, nola jokatu jakiteko. Kostatu egiten zaigu sexu hezkuntza serio hartzea eta gero arazo potoloak gertatzen direnean eskuak burura bota eta orduan hasten gara formakuntzarekin... Euskal gizarteak sexualitatearekiko duen begiradak ez du sexualitatea balio bezala ikusten, ez du pentsatzen sexualitatea landu egin behar denik. Sexualitatearen aurrean arriskuak ekiditea, hori da helburua eta jarrera. Eta badirudi lanean hasi behar dugula zerbait gertatzen denean, arazo bat dagoenean. Skolaek, hain justu, horren kontra egiten du; txiki-txikitatik sexualitatea balio bat bezala lantzen baduzu, irakasleak inplikatzen badituzu, familia inplikatzen baduzu... begiradak eta harremantzeko moduak aldatu egingo dira. Horretatik oso urruti gaude EAEn.

A.U.: Azkenean, guk prebentzioa egiten dugu. Sexu hezkuntza, kalitatezkoa eta integrala izateko, txiki-txikitatik hezkuntza komunitatea uzten duzun arte landu beharreko zerbait da. Gu, finean, suhiltzaileak eta paraxutistak gara. Eta sexu hezkuntza deitzen diogun arren, guk egiten duguna prebentzioa da; ordu gutxi egiten ditugu eta normalean arazo bat gertatu delako. Saiatzen gara sexua balio bezala aurkezten eta lantzen, baina hezkuntza komunitatearen eta gurasoen erronka izaten da sexualitateak dakartzan arriskuak saihestea: haurdunaldiak eta hiesa. Horretara mugatzen da. Gainera, diru publikorik ez da inbertitzen eta askotan eskolek ez dute dirurik sexu hezkuntzara bideratzeko. Hori ez bada bermatzen Hezkuntza Sailetik, askotan diru falta izaten da arazoa.

M.O.: Berriz errepikatu nahiko nuke ideia bat: EAE eremu perfektua da sexu hezkuntzako programa aurrerakoiak eta eraginkorrak martxan jartzeko, Skolae adibidez. Hemen ez dago kontrako jarrerarik, baina ezta aldekorik ere. Dagoena bere horretan uzten da, gehiegi mugitu gabe.

Jendartea, beraz, prest ikusten duzu sexualitateari bere tokia emateko. Izan ere, bizitzaren ardatz garrantzitsua den arren, askotan existituko ez balitz bezala jokatzen dugu...

A.U.: Baina horrek ez du esan nahi kontra gaudenik. Inozentzia dago, tabua, lotsa, urduritasuna, beldurra... baina ez dago jarrera negatiboa. Hor beste arazo bat ikusten dut. Badaude programa publikoak, Berdindu adibidez, baina horrek sexu aniztasuna lantzen du. Eta Emakunderen bitartez badago Nahiko programa, genero indarkeriaren ingurukoa. Bi erakunde desberdinek kudeatzen dituzten bi programa dira, ez dago elkarlanik eta, gainera, oinarrian ez dago sexu hezkuntza orokorra. Hau da, badirudi sexu aniztasuna gauza bat dela, sexu indarkeriarekin prebentzioa beste bat... baina azkenean denak zerikusia dauka sexu hezkuntzarekin. Beraz, sexu hezkuntzak izan behar du ardatza. Skolae programa horrela sortuta eta pentsatuta dago; sexu hezkuntza enborrekoa da eta sexu aniztasuna eta berdintasuna balioak dira. Ezin dugu sexu aniztasuna edota berdintasuna jorratu sexu hezkuntza landu gabe. Ez dauka zentzurik. Diru publiko mordoa inbertitzen da, baina modu desordenatuan, kohesiorik gabe, elkarlanik gabe... eta emaitza ez da ona. Hobe izango litzateke erakunde publikoek beste era batera planteatuko balute.

Sexu aniztasuna eta indarkeria matxista aipatu dituzue. Badirudi horietatik aparte daudenak osasuntsuak direla sexualitateari dagokionez, ezta? Eta nerabeen artean indarkeria sexistak gora egiten duenez, ikasgeletan kamerak jarrita konpondu nahi dute batzuek arazoa.

M.O.: Astakeria hutsa. Politikariek eskua sartzen dutenean ekintza laburrak eta berehalakoak bultzatzen dituzte, herritarrek zerbait egiten ari direla ikus dezaten. Salgarriak diren neurriak hartzen dituzte: Polizia eta zaintza. Zergatik? Hezkuntzan egiten den esku hartzeak epe luzerako emaitzak ematen dituelako, belaunaldi batetik bestera ikusten dira ondorioak, ez dira berehalakoak. Eta hori ez zaie interesatzen politikariei. Adibidez, Skolae mantentzen badute –badirudi ezetz–, hamar edo hogei urte barru emaitzak ikusiko dira. Eta hori ez zaie interesatzen politikariei, legegintzaldiaren barruan funtzionatzen dutelako.

A.U.: Interesgarria iruditzen zait galderan planteatu duzuna. Badirudi LGTB kolektiboarekiko dagoen diskriminazioa eta biolentzia eta emakumeen kontrako bortizkeria erasotzaileen eta biktimen arteko arazo bat dela, ez dela arazo sozial bat, egiturazkoa. Gizartea hezi behar dugu sexualitatea balio bezala hartuta. Suhiltzaile lanetan bagabiltza, prebentzioan lanean, arazoak sortzen direnean bakarrik, ez dugu ezer aldatzen. Eta lanketa hori, hezkuntza komunitatearekin ez ezik, gizarte osoarekin egin behar dugu.

M.O.: Eta balioetan hezteko, edo lauzpabost urterekin harrapatzen dituzu edo hamalau-hamabost urterekin berandu da jada. Kasu horietan interbentzio puntualak egin ditzakezu, bizitzaren bat salba dezakezu, baina lau orduko esku hartze batekin ezin da ezer konpondu. Dibertsitatea haurrek askoz hobeto ulertzen dute. Eta lortzen badugu ikasleria osoak lauzpabost urterekin dibertsitatea lantzea, gizartea aldatzea lortuko dugu. Baina lan horren emaitza hogei urte barru ikusiko da eta horrek ez du errentagarritasun politikorik. Sexu hezkuntzak epe luzerako apustu bat izan behar du, koordinatua eta perspektibarekin. Hori da Skolae.

Skolae, beraz, sekulako apustua da. Zergatik aztoratzen ditu hainbeste eskuineko sektoreak?

A.U.: Sistema benetan eraldatuko duelako. Emakumeok bigarren sexu izateari utziko diogu, adibidez. Sexu aniztasuna denon araua dela ulertuko da, guztiz naturala. Diskriminazioarekin bukatuko du eta, beraz, ez da egongo bikote bat bestea baino hobea, familia eredu bat bestea baino hobea...

M.O.: Fatxa horiek eroso bizi dira gizarte normatibo murritz horietan. Klasista hutsak dira, beraiek botere kuota bat lortu dute bizitzaren arlo askotan eta ulertzen dute dibertsitate ekintzek kolokan jarriko dituztela. Eta arrazoia dute, kolokan jarriko ditugulako. Familia eredu tradizional horietan gizonak agintzen du, emakumea mendekoa da... Baina txikitatik bestelako diskurtsoak lantzen badituzu –emakumeak eta gizonak eskubide berdinak ditugula eta dibertsitatean bizi garela–, eredu horiek kolokan jarriko dira eta beraiek hori ez dute nahi. Dena kontrolpean izan nahi dute eta pentsamendu bakarra nahi dute, katolikoa. Beren pribilegioak arriskuan ikusten dituzte eta horren aurrean erreakzionatu egiten dute.

Skolae pornografiaren pareko jartzen dute kontrakoek. Aldiz, datuek diote egungo jendartean haurrak gero eta goizago iristen direla pornografiara, baina horrekin ez dira hainbeste asaldatzen.

M.O.: Gaur egun ezinezkoa da haur bat pronografia txarra dela eta ezin dela ikusi esanez heztea. Pornoa zer den kudeatzen hasi behar dugu eta gaztetxoek garbi izan behar dute pornoak ez duela zerikusirik errealitatearekin. Alegia, pornoan ikusten dutena ezin dutela errealitatera eraman. Hori garbi izan behar dute. Pornoak ere ez du eragiten norbaitek beste norbait bortxatu nahi izatea. Horrelako astakeriak ere entzun ditugu. Finean, beste herrialde batzuetan egiten den bezala, pornoa landu egin behar da ikasgelan bertan. Zergatik? Pornoa ikusi egingo dute, bai edo bai, ba goazen horretarako tresnak ematera. Azal diezaiegun garbi hori fikzioa dela. Batman ikusten dute eta inori ez zaio okurritzen teilatu batetik botatzea. Pornoaren gaur egungo arazoa da nerabe askok, batez ere mutilek, sexualitatearen errealitatea hori dela uste dutela. Horregatik landu beharko genuke. Baina hemen ikasgela batean pornoa jarriz gero, kartzelara zoaz.

A.U.: Gehien ikusten den pornoa hegemonikoa da, oso matxista da. Emakumeen eta gizonen arteko erotika botere asimetrian oinarrituta egotea ez zaie horren beldurgarria egiten, sistema dagoen bezala mantentzeko modu bat delako. Aldiz, guk klasean kontatuko dieguna oso desberdina da. Emakumeak eta gizonak berdina balio dugula kontatuko diegu, izugarri desberdinak garela eta hori oso aberasgarria dela, baina aukera berdinak ditugula. Kontatuko diegu erotikan nahi dugunera jolastu dezakegula, arauak guk jartzen ditugula eta bikote harremanak errespetuan eta berdintasunean oinarritzen direla. Eta sektore kontserbadoreek hori ez dute nahi, horrek ematen die benetako beldurra, ez porno mainstream-ak.

Skolae hezkidetza programak 0-16 urte tartea hartzen du. Eta baten batek pentsatuko du haur batek ez duela zertan sexuaz jakin edo hitz egin.

A.U.: Haurrei guk akabatzen diegu jakin-mina. Haurrek sekulako jakin-mina daukate gai guztien inguruan, baita sexualitateaz ere. Baina sumatzen dutenez tabua dela, lotsagarria dela, txikiegiak direla, hori barneratu egiten dute. Finean, helduen diskurtsoa erreproduzitu egiten dute eta ez dute galdetzen modu askean. Berez haurrak askatasuna dauka edozeri buruz hitz egiteko eta galdetzeko, baina oso txikitatik ikasten du sexuarena gai berezia dela, horri buruz ezin duela hain lasai galdetu. Eta heldu askok pentsatzen dute sexu heziketaren bidez ez dakit zertara bultzatzen direla haurrak. Baina, finean, sexu hezkuntzaren bidez, zertara bultzatzen ditugu? Beren burua ezagutzera, beren sexualitatea deskubritzera, onartzera, errespetatzera, maitatzera eta ikastera beren kabuz beren burua asetzen. Pentsa ze arriskutsua den hori guztia...

M.O.: Finean, heldu gehienek pentsatzen dute sexualitatea larrua jotzea dela. Eta helduen begiekin ikusten dute haurren sexualitatea: “nire semeak bost urte ditu eta larrua jotzeaz ez du ezer jakin behar”. Hartara, itxaron egiten dute eta semeak hamabost urte dituenean kondoiak ematen dizkiote. Eta horrela lortzen dute sexualitatea murriztea, ekintza konkretu batera eta tabu izaerara murriztea. Sexualitatea sexuaren kualitatea da, jaiotzen garenetik hil arte dugun zerbait. Sexualitatearen bitartez ezagutzen gara, komunikatzen gara, gozamena lortzen dugu... noiztik? Ba jaiotzen garenetik. Baina helduen begirada murriztuak dena kakazten du. Zer egingo luke sexu heziketako programa integral batek? Ba haurrei, irakasleei eta gurasoei erakutsiko lieke sexualitatea beraiek uste dutena baino askoz gehiago dela.

A.U.: Hizkuntza adin bakoitzari egokituta, edozein une da egokia sexualitateaz hitz egiteko. Noski, bost urteko haur bati ez diozu koitoaz hitz egingo, ez dauka zentzurik. Baina sentimenduez hitz egin dezakegu, norbere gorputzaz, neska izateaz, mutila izateaz, besteekin harremantzeko moduaz... Koitoaz hitz egingo diogu horren gaineko jakin-mina duenean eta galdetzen duenean. Eta ez dugu zertan itxaron behar praktikan jarri arte. Ez dugu gauzei buruz hitz egin behar behin gertatu direnean, aurretik ere egin daiteke lanketa.

M.O.:Adibidez, konplexu bat baduzu, ez zara ongi harremantzen zure gorputzarekin. Eta noiz sortzen dira konplexuak? 30 urterekin? Ez, txikitan, gorputzak araututa daudelako. Eta norbait sartzen bada gelan esanez gorputzak askotarikoak direla eta denak erakargarriak direla, txikitatik hori sinetsiz gero, konplexu guztiak kanpora doaz eta konplexu gabe beste era batera harremantzen gara. Dena lotuta dago. Sexu heziketa helduek behar dute, irakasle eta familiek. Txipa aldatu behar dugu. Eta hori egiten dugunean, beste era batera heziko ditugu gure haurrak.

Eta helduek ere desberdin biziko dute beren sexualitatea.

M.O.: Noski. Eta horregatik heziko ditugu desberdin gure haurrak. Seme-alabak ikusten dutenean gurasoek sexualitatea modu naturalean eta askean bizi dutela, beraiek ere halaxe egingo dute. Eta jakin-mina dutenean gurasoengana gerturatuko dira galdetzera.

Sexualitatea modu sanoagoan bizitzeak indarkeria matxistari aurre egin dakioke?

A.U.: Ez horrek bakarrik. Garbi dago indarkeria matxistaren atzean ez dagoela matxismoa bakarrik, beste gauza batzuk ere badaudela. Baina badakigu faktore hori oso garrantzitsua dela. Beraz, hori desaktibatuko bagenu asko jaitsiko lirateke indarkeria matxista kasuak eta bortizkeria maila. Beste lanketa batzuk ere egin behar dira, baina garbi dago sexu hezkuntzarekin gauzak asko hobetuko liratekeela.

Jendarte bezala serio hartu beharko genuke, ezta?

A.U.: Argi dago. Urteak daramatzagu esaten ordua dela, ezin dugula itxaron gehiago. Eta azken urteetan gauza askotan aurrera egin dugunez, badirudi ez dela beharrezkoa sexu heziketa lantzea. Permisibitatera pasa garenez, badirudi denak balio duela, inolako irizpiderik gabe. Denak ez du balio, irizpideak egon behar dira eta horiek landu egin behar ditugu. Indarkeria matxista ez da desagertzen eta bortizkeria areagotu egin da. Zerbait txarto egiten ari gara.