NAIZ

Pabellon 6k ‘Sabias ellas’ komedia estreinatuko du Arriaga antzokian

Pabellon 6ren obra berria, Felipe Lozak zuzendutako ‘Sabias ellas’, Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da astearte honetan. 28 sketchez osatutako antzezlana azaroan iritsiko da Pabellon 6ren aretora.

‘Sabias ellas’ antzezlaneko lantaldea. (NAIZ)
‘Sabias ellas’ antzezlaneko lantaldea. (NAIZ)

Pabellon 6 antzerki laborategiak ‘Sabias ellas’ antzezlana estreinatuko du astearte honetan Bilboko Arriaga antzokian. Felipe Lozak zuzendutako komedia honen oinarrian 28 sketch daude eta Itziar Lazkano, Vene Herrero, Idoia Merodio, Juana Lor eta Aiora Sedano antzezleak izango dira oholtzara igoko direnak.

«Oso jakintsuak eta oso bilbotarrak diren emakumeez osatutako taldearen eskutik datozen sketch oso dibertigarriek osatzen dute komedia hau», aurreratu dute Pabellon 6tik.

Zehaztu dutenez, sketch laburrak dira, «hain laburrak ezen bizi zatitxoak edo askaerarik gabeko kontakizun txikiak diruditen. Izan ere, istorio honetako emakumeek ez dugu bukaera iristerik nahi», ziurtatu dute, eta hura iritsi artean «geure buruez eta geure artean egingo dugu barre, lotsarik gabe, ez garelako heroiak baina bai oso pailazoak. Jakintsuak eta pailazoak gara», gaineratu dute.

Estreinaldirako sarrerak Arriaga antzokiaren web orrialdean, leihatilan edota 946 850 850 telefono zenbakian eskura daitezke, 18 euroren truke. Azaroan zehar hainbat emanaldi egingo dituzte Pabellon 6n, 17 euroren truke (25 urtez beherakoek eta P6ko bazkideek beherapenak izango dituzte). Informazioa eta sarrerak Pabellon 6ren webgunean eta 639 766 720 telefono zenbakian eskura daitezke.