Gaurko hauteskundeek aldaketarik ez dute ekarri Gipuzkoara, eserleku kopuruari dagokionez. Apirileko hitzorduan bezala, EAJ-k eskuratu du boto kopuru gehien, eta bi eserleku izango ditu Madrilgo Kongresuan. Beste hainbeste ordezkari izango ditu EH Bilduk, emaitzak errepikatuz. Hala, ordezkaritza berbera izango da. Joseba Agirretxea eta Estibaliz Alkorta alderdi jeltzaletik eta Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu talde soberanistatik.
Sei eserleku dagozkio Gipuzkoari Kongresuan, eta laugarrena Odon Elorza Donostiako alkate ohiarentzat izango da PSEren aldetik. Azkena, Pilar Garridok lortu du Unidas Podemosentzat.
Oraingoan ere, PP alderdiak ez du ordezkaritzarik eskuratu. Iñigo Arcauzek, beraz, ez du Kongresura sartzea lortu.
Parte hartzeari dagokionez, %68,29koa izan da; iragan apirilean 28an %71,02koa izan zenean. Beraz, hiru puntuko aldea izan da deialdi batetik bestera.
Senatuan, lau eserleku
Goi Ganberaren zenbaketa motelagoa izan da baina dagoeneko botoen %90a zenbatuta dago. Dauden datuen arabera, hiru eserleku ditu EAJ-k eta bakarra EH Bildu talde soberanistak. Behin behineko emaitza apirileko berbera da eta gauzak honela, honakoak dira ordezkariak: Maria Isabel Vaquero, Maria Mercedes Garmendia eta Luke Uribe-Etxebarria alderdi jeltzaletik eta Gorka Elejabarrieta koaliziotik subiranistatik. Gipuzkoari, guztira, lau eserleku dagozkio.