Gau luze eta alai baten ondoren, lanari berriz ekin dio gaur EH Bilduk, astelehenero bezala Mahai Politikoa bilduz. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak gero gogora ekarri duenez, duela hiru urte eta erdi azken espetxealdia agortu zuenean hauteskunde espainiarrak ospatu ziren eta EH Bilduk bi diputatu eskuratu zituen, baina pasa den apirilean lau bildu zituen eta orain jada bost dira: «Goranzko joerari eutsi egiten diogu, beraz. Herrialde guztietan ordezkaritza duen bakarra EH Bildu da, udal mailako indar handia ere EH Bildu da... Gure alternatiba oso sendoa da», agurtu du, ezer baino lehenago.
Abstentzioak gora egin duen arren, 17.000 boz gehiago eskuratu ditu ezkerreko indar independentistak. Bera emaitzarekin «harro» da EH Bildu, beraz, baina haratago doa bere analisia, Llotja de Mar-reko akordioak bildutako bi milioi boz baino gehiago horiek kontuan hartzen baititu. Otegik esan duenez, emaitzak honek «garai bateko egoera» berpizten du, non Euskal Herria eta Katalunia «Estatuko modernizazioaren abangoardia» ziren. «Llotja de Marren sinatu genuen programarik gabe ez dago demokratizaziorik», erantsi du.
Orain, boz horiekin zer egin daitekeen da galdera. Eta hauxe esan du Arnaldo Otegik: «Jada ez dago erdibideko tarterik. 1978ko Erregimena krisi larrian dago eta bi aukera baino ez daude: tesi inboluzionistak garaitu eta Turkiako gobernantza eredua ezartzen da eta benetako demokratizazio agenda bat jartzen da martxan. Gu bigarren honen alde. Baina kanpainan zehar Pedro Sanchez lehenengoaren alde agertu da nabarmen», ekarri du gogora, dekretu digitala, erreferendumak kartzela bidez zigortzeko asmoa edota federalismoa baztertu izana aipatuz.
«Ez dugu uste, baina demokratizaziorako agenda bat badago, hor egongo gara. Bestela, aurrean edukiko gaituzte», aurreratu du Arnaldo Otegik, Mertxe Aizpurua, Maddalen Iriarte, Adolfo Araiz, Arkaitz Rodriguez, Eba Blanco eta Oskar Matute ondoan zituela.