Iñaki Artolak eta Ander Imazek lan asko eginda lortu dute aurtengo Binakako Txapelketan aurreneko puntua. Unai Laso eta Jon Ander Albisu 22-18 menderatu dituzte Tolosako Beotibar pilotalekuan 743 pilotakada eta 81 minutuko neurketa gogorrean.
Izan ere, urdinek nabarmen agindu dute demaren zatirik handienean. Bai Lasok eta bai Albisuk pilotakada indartsuak jo dituzte, Ander Imaz atzeko koadroetan sartuta izan dute behin eta berriz, baina ez dira gai izan aginte horri behar bezalako zukua ateratzeko.
Imazek defentsa bikaina erakutsi du norgehiagoka guztian zehar, eta urdinek aldiz huts gehiegi egin dituzte. Lasok tanto ederrak egin ditu –jokoan egindako 11 zenbatu dizkiogu eta sakez beste bat ere bai–, baina huts dezente ere pilatu ditu azkenerako –guztira 7 izan dira–. Eta berdina esan daiteke Albisuri buruz: pilotakada bikainak jo bai, baina galdutakoa gehiegi izan ditu ataundarrak –guztira 7 atzelariak ere–.
Hala ere, markagailuan aurretik ibili dira ia beti aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarra: 6-9, 7-10, 8-11 eta 9-13, esaterako. Gorriek 15-15 berdindu dute emaitza ondoren, baina urdinek garaiz erantzun dute bigarren atsedenaldi luzera 15-18 aurretik iristeko.
Baina jada partida aldatzen ari zela ikusten zen. Albisu nekatuta bezala somatzen genuen, eta beherakadatxo hori Iñaki Artolak baliatu du neurketan sartu eta egoerari buelta emateko.
Alegiarra oso apal aritu da lehen erdian, ia desagertuta, seguru asko Albisuk sartzeko aukera handirik ere ematen ez ziolako. Baina erditik aurrera beste Artola bat ikusi da: gehiago sartuz eta errematean ere gehiago asmatuz.
Gorriek azken zazpi tantoak segidan egin dituzte, 15-18tik 22-18ra joanez zuzen-zuzenean. Eta lehen hirurak, 15-18tik 18-18rakoak, urdinen galdutako piloten errua izan bada batez ere, azken laurak ikusgarriak izan dira: Artolaren 19-18koa, esaterako, txokoan pilota ederki luzatuz, eta 22-18koa, neurketako azkena, gantxo baikainarekin.
«Bagenekien lan egitea tokatuko zela. Hasieran huts gehitxo egin ditut agian, baina partidan sartuta egon gara, ez diegu utzi ihes egiten, eta bigarren erdian gehiago asmatu dut», aipatu du pozik Artolak amaieran.
Imazek ere antzeko irakurketa egin du: «Banekien ongi nengoela, baina zalantza batzuk izaten dituzu beti aurreneko partidaren aurretik. Ondo sentitu naiz, nahiz eta beraiek aurretik ibili nik uste lan ona egiten ari ginela, eta bukaeran Iñakik gustoko pilota batekin min handia egin du».