Maite UBIRIA

Baionako meskitan urrian gertatu zen erasoa azkena izan dadila galdegin dute martxa baten bidez

Berrehun bat lagun bildu dira, gaur arratsaldean, Baionan, iragan urriak 28an hiriko meskitan gertatu zen erasoa azkena izan dadila galdegiteko xede. Elkarbizitza eta kultur aniztasunaren aldeko aldarrien artean martxa Gaskoien plazan hasi eta Xaho kaian amaitu da.

Ezkerrean, Baionako meskitaren aurkako erasoan zauritu zen Maati Baggar jauna. (Bob EDME)
Ezkerrean, Baionako meskitaren aurkako erasoan zauritu zen Maati Baggar jauna. (Bob EDME)

14.30ak aldera abiatu da Gaskoien plazatik joan zen urrian Baionako meskitaren aurka izandako erasoa salatzeko eginiko martxa.

Gurutze Sainduko auzoan kokatzen den plaza horretatik "berdintasuna, anaitasuna eta askatasuna" hitzak idatzita zituen banderola atzetik berrehun bat lagun bildu dira. Xaho kaian amaitu da ekimena.

74 eta 78 urteko gizon bi larri zauritu ziren urriak 28an gertatu zen erasoaren ondorioz. Egun horretan, arratsaldeko lehenengo orduan Baionako Joseph Latxage kalean dagoen meskitara hurbildu, eta atetik gertu atzeman zituen bi gizonen kontra tiro egin zuen 84 urteko gizon batek. Horretaz gain auto bati sua eman zion erasotzaileak.

Frantziako Poliziak handik gutxira Baionatik gertu dagoen Saint-Martin-de-Seignanx herrian, atzeman zuen Claude Sinke, garaian Armadan izandako gizona. Erasotzailearen etxean, berriz, armategi txiki bat atzeman zuen Poliziak.

Sinke Fronte Nazionaleko hautagaia izan zen 2015. urtean eta meskitaren aurkako erasoa egin ondoren sare sozialetan zabaldu ziren hainbat argazkitan Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarraren ondoan agertzen zen.

Bi heriotz saiakera leporatuta, Baionako epaileak kartzelara bidali zuen Sinke. Gizonak «buruko nahasmena» pairatzen zuela nabarmendu arren, mediku azterketak agindu zuen jujeak gizonezkoa bere ekintzen jabe zela erabaki zuen, bere aurkako auzia zabalduz.

Terrorismoaren aurkako fiskalak, ordea, ez zuen afera beregain hartu, nahiz eta gizonezkoak muturreko ideiak sare sozialetan zabaldu izanagatik, baita hainbat gutun mehatsugarri idazteagatik ere, ezaguna izan.

«Gertakaria» edo islamofobia?

Meskitaren aurkako erasoa berehala gaitzetsi zuten agintariek. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erasoa berehala gaitzetsi zuen. Christophe Castaner Barne ministroa, bera aldetik, Baionara bertaratu zen «gertakari larria» dela-eta, baina ez zuen inondik inora erasoa islamobofia ekimen gisa ezaugarritu.

Baionako auzapeza, Jean-Rene Etchegaray, ordea, atentuaren izaera aitortu zion lehenengo momentutik erasoari. Komunitate musulmanari bere babesa adierazi eta meskita zabaldu bitartean udal gela bat jarri zuen bere esku auzapezak.

Erasoa gertatu ondoren, Gurutze Sainduko auzotar, merkatari eta elkarteak ahanzturaren kontrako mobilizazio bat antolatzeko lanean hasi ziren. Hainbat bilera egin ostean «bortizkeria guzien kontra eta kultur aniztasuna eta balore laiko eta errepublikanoak defendatzeko» ekimen bat antolatzea deliberatu zuten.

Sos Arrazakeria, Artokafe, Bizizaleen Kolektiboa eta Euskal babel taldeek antolaturiko martxarekin bat egin dute beste hainbat kolektibok, hala nola Giza Eskubideen Ligak.