Ane URKIRI
Donostia

Babes ofizialeko etxe-kaleratze arriskuaren aurrean, Lakuaren «utzigabekeriaz» kexatu dira

Benta Berriko babes-ofizialeko etxebizitzan bizi da Victoria eta alokairua lau hilabetez ordaindu ezinagatik, kaleratzea exijitu du Socimi higiezinen funtsak, 2016tik etxebizitza hauen jabeak. 800 euroko alokairuari ezin dio aurre egin erretiroa hartu zuenetik. Alokairu plataformak dio etxebizitza huts bat badagoela bertan, 450 euroko alokairuarekin.

Kaleratzeak Stop eta Alokairu plataformek urrian egin zuten elkarretaratzeko irudia. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Kaleratzeak Stop eta Alokairu plataformek urrian egin zuten elkarretaratzeko irudia. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Donostiako Benta Berri auzoko babes-ofizialeko 520 etxebizitza Testa Socimi higiezinen funtsaren eskuetan daude 2016tik; eraikin hauek eraiki zituzten Vallehermos eta Metrovacesa funts honekin fusionatu zirenetik, alegia. 2018an Blackstone sartu zen jokoan eta egun, Socimiren bazkide handiena da; funtsaren kapital erdia erosi zuen.

Etxebizitza hauek, 1998an eraikiak, merkatu libreko alokairuak izatera pasatuko dira 2028an, babes-ofizialeko kontratua amaitzen denean. Kaleratzeak Stop eta Alokairu plataformek arrisku honetaz ohartarazi dute asteazken honetan baina, batez ere, emakume baten kasu partikularraz mintzatu dira, hilabete barru kaleratzeko agindu eman dezakeelako epaile batek.

Erregimen bereziko alokairua dute etxebizitza hauek eta horregatik, batez beste, 800 euroko alokairua dute. Duela urte bete inguru, Victoriak erretiroa hartu zuen eta ordutik, zailtasunak izan ditu zenbateko hori ordaintzeko. Lau hilabetez ez du ordaindu zegokiona eta horregatik, kaleratzea exijitu du Socimi funtsak. Epaiketa hitzordua urtarrilaren 22an dago zehaztuta eta kezkatuta agertu dira plataforma zein Victoriaren bizilagunak: «Kaleratzeko eskakizuna ez bada kentzen, epaileak kaleratzeko agindua ematea beste aukerarik ez du edukiko».

Negoziatzeko aukerarik ez

Konponbidea bilatu nahian, Benta Berriko bizilagunen plataforma den Alokairuk eskatzen du merkeagoa den eta hutsik dagoen beste pisu batera mugitzea Victoria. «Badakigu duela bi hilabetetik hutsik dagoela etxebizitza hori, 450 euroko alokairua du, Victoriaren errentara egokitzen da», kontatu du Kaleratzeak Stop mugimenduko Rosa Garciak. Socimik, ordea, pisu hori izendatuta dagoela argudiatzen duela salatu dute: «Badakigu ez dela horrela».

Helburu «soziala» zuten etxebizitzetan kontratua sinatzen denean etxebizitza sailak zigilatu eta erregistratu besterik ez egiten, «inolako jarraipenik egin gabe». Victoriaren kasuan egokitzapen bat egitea posible dela ikusten dute Kaleratzeak Stop eta Alokairu plataformek. Fede oneko jarrera izan duela ziurtatu dute. Bere errenta 633 eurokoa da eta diru sarrerak bermatzeko errentarekin, 710 euro jasotzen du hilabetean.

Lakuaren kontrol gabezia

Honen aurrean, Lakuako etxebizitza sailaren utzigabekeria kritikatu dute, ez delako arduratu negoziaketa bat irekitzeaz. Diru publikoz eraikiak izan diren «etxebizitza sozialengan» duen kontrol gabeziaz ere kezkatuta agertu dira. «Badakigu 1998ko eskatzaileen lehenengo zerrendatik aurrera, hauek ez direla publiko egiten eta hortaz, funts putre honek hutsik dauden etxebizitzak errenta handiagoak dituzten eskatzaileei egokitzen diela», ohartarazi dute.

Udaletxea bitartekaritza lanak egiten saiatu dela nabarmendu dute, baina ezinezkoa izan zaiela Socimirekin hitz egitea. Hala, Lakuak Donostian duen Ordezkaritzaren aurrean egin duten elkarretaratzearen bitartez etxebizitza saila «presionatu» nahi izan dute, honek ere bitartekaritza lanak abiatu ditzan.

Iraungitze datarekin kezkatuta

Benta Berriko babes-ofizialeko etxebizitza hauek 2028an iraungiko dira baina ez dira bakarrak, eta honetaz ohartarazi nahi izan dute. Donostiako hauek zoru-publikoan eraikiak izan direnez, ezingo dira salmentara atera; posible izango dute, ordea, merkatu libreko alokairuen prezioekin jolastea.

Irun (33), Lasarte (52), Errenteria (40), Tolosa (21), Zumaia (20) eta Arrasateko (148) babes ofizialeko 314 etxek iraungitze data dute. 2021etik 2026ra bitartea amaituko dute babes-ofizialeko erregimena eta hauek eraiki dituzten enpresak ahalbidetuta egongo dira babes-ofizialeko etxebizitzak baloratuta dauden prezioan saltzera edota merkatu libreko prezioak zehaztera alokairuen kasuan.