Inork zalantzarik bazuen, Jaka-Zabaletak, bereziki atzelari nafarrak, oso argi utzi dute nortzuk izan diren lehen itzuli luze honetako bikoterik eta pilotaririk onenak, Artola-Imazi nagusitasunez gailenduta. Baikoko gipuzkoarrek ere txapelketa hasiera dotorea egin dute baina gaur aukerarik txikiena ere ez diete eman aurkariek.
Berari onartzea kosta egiten zaion arren, Jose Javier Zabaletak lehen jardunalditik hartu zuen txapelketako aginte makila eta txapelketa luzea izanagatik, bere jokoan gora egiten jarraitzen du nafarrak. Asko jotzeaz gain, kantxan agindu egiten du Zabaletak eta gaur, gainera, pilota asko baztertu du, aurkarien ahalegin guztiak antzuak eginaz. Joko maila horretan, edozein aurrelari izango litzateke egokia, baina aukeratzen jarrita, nekez egon liteke Erik Jaka baina aukerakoagorik, bere atzelariaren abantailak bikain probestu baititu, airez 10 tanto lortuz.
Gauzak horrela, Beotibarrera pilotazale ugari batu dituen partidak apenas izan du historiarik. Launako berdinketara arte baino ez diote eutsi ahal izan Artola-Imazek. Partida hotz antzean hasi da, elkarri errestoan erraztasun handiak eskaini eta pilotakada gutxirekin, baina berehala sartu da jokoan Jose Javier Zabaleta eta bikain moztutako pilotakada batekin (5-4) hasi du bere erakustaldia.
Ezin esan aurkariak gaizki aritu direnik, izandako aukera gutxitan Imazek ondo mugitu du pilota, baina gorrien joko uholdearen aurrean babesa bilatu baino ezin izan dute egin.