ELA sindikatuak urtarrilaren 11n euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin du. Ohar baten bidez adierazi duenez, halako mobilizazioak «beharrezko erakustaldia» dira Paris eta Madrileko agintarien aurrean. Sindikatuko zuzendaritzaren ordezkaritza bana egongo dira bi manifestazioetan. Horrela, ELAk mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu bere afiliatuak.
Zentzu horretan bere politika «errotik aldatzea» eskatu dio ELAk Pedro Sanchezen Gobernu berriari. Horretarako, lehenik eta behin, espetxeetako legedia «zorrotz» betetzea exijitu dio. «Salbuespen egoerari amaiera» eman behar zaiola berretsi du sindikatuak.
«Eskuina etengabe elikatzen joan den mendeku goseak ezin du espetxe politikaren norabidea markatu», gehitu dute. Horregatik, Madrilgo Gobernu berriaren erantzunkizuna jarri du mahai gainean. «Ezin dio muzin egin, aurrekoek egin duten bezala, euskal gizartearen eta gehiengo politiko eta sindikalaren aldarriari».
Frantziar Estatuko kasuari dagokionez, «konpromisoen fase berri bat zabaltzea» eskatu dio, presoak askatzera bideratua. Emmanuel Macron presidenteari Biarritzen adierazitakoarekin koherente izatea eskatu diote. Orduan «Euskal Herria gatazka baten konponbidearen eta armak atzean uztearen adibide» dela esan zuen, eta «Estatuaren eginbeharra mugimendu hau laguntzea» dela gaineratu.