naiz

Kolore guztietako atxikimenduak jaso dituzte Bilbo eta Baionan izango diren mobilizazioek

Bizkaitar hiriburuko eta Baionako manifestazioek atxikimendu ugari eta kolore ezberdinetakoak jaso dituzte azken orduetan. Azkenak, EAEko CCOO eta Podemos-Ahal Dugu, zeintzuek bat egin dute bihar Bilboko kaleetan euskal preso politikoen eskubideen alde egingo den mobilizazioarekin.

Bihar Bilboko kaleek antzeko irudiak utziko dituztela aurreikusten da. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bihar Bilboko kaleek antzeko irudiak utziko dituztela aurreikusten da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bihar Baiona eta Bilboko kaleetan euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioek milaka lagun batuko dituzte. Gero eta eragile gehiagok egin dute bat deialdiekin. Azkenak, EAEko CCOO eta Podemos-Ahal Dugu. CCOOk, ohar baten bidez, «gaixo dauden presoak espetxetik ateratzea» eskatu du, baita presoen urrunketaren amaiera eta horretarako delegaritza bat (Jone Robledo eta Alfonso Rios) bidaliko du bizkaitar hiriburura.

Bestetik, biktimen aitortzaren bidean «aurrera pauso oso txikiak» izan direla adierazi dute eta «benetako justizia» lortzeko «EPPK eta bere inguruari» espetxetik ateratzen direnei egiten zaizkien harrerak ekiditea eskatu diete.

Podemos Euskadik, berriz, «askatasunik gabeko pertsonak beren jatorrizko lekura edo gizartean errotuta dauden tokira hurbiltzeko» eskatu du, «inoiz gertatu behar ez zuen egoera bat leheneratuz». Modu berean, «espetxe tratamenduaren salbuespenarekin amaitzea» aldarrikatu du. Horretarako, Hego Euskal Herriko espetxe zaintzako epaitegiek «presoen espetxe egoera baloratzea sustatuta, graduen aurrerapena eta espetxe onurak gainerako espetxe biztanleen baldintza berberetan gauzatzea bultzatzea» defendatu du.

Bestetik, presoei «beren gain har dezatela bidegabeki eragindako kaltearen erantzukizuna» eskatu diete, bai eta gaixorik dauden pertsonei tratu humanitarioa bermatzea. Alderdi moreko Josetxo Arrieta, Eneritz de Madariaga eta Andeka Larrea bizkaitar hiriburuko kaleetan izanen dira.

‘Ez dezagun historia errepikarazi’

Baionako mobilizazioan, ‘Ez dezagun historia errepikarazi’ leloa izanen da manifestazioaren buru, Bake Bideak jakinarazi duenez. Esaldi hau, joan den 2019ko maiatzaren 19an, frantziar lehendakaria den Emmanuel Macronek, Biarritzen egindako adierazpenean oinarritzen da.

«Guk ere ez dugu nahi historia errepikatu dadin», adierazi du Bake Bideak. «Bestelako etorkizun bat nahi dugu gure seme-alaba eta bilobentzat.
 Hori dela-eta, hamar bat gaztek eramanen dute manifestazio buruko banderola, bidea irekiko duten traktoreen atzean. Belaunaldi berria ordezkatzen duten gazte horiek, ez dute nahi historia errepikatu dadin. Bake justu eta iraunkor bat eraikiko duten gazteak dira», gehitu dute.

Clement Battitta Elichiry, Joana Hoqui, Zibel Damestoy, Oihan Aramendi, Aitzol Gil de San Vicente, Yohan Riviere, Olaia Errekart, Luzio Lizarralde, Romain Foucard, Martta Irigoien eta Maika Brust egonen dira mobilizazioaren lehen lerroan.

Mobilizaziora batzen ari diren eragile guzti horien artean, askok ordezkaritza bat bidaliko dute. Sarek Bilbon izango direnetako batzuk eman ditu jakitera. EH Bilduko Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua eta Bakartxo Ruiz bertan izanen dira, baita ELA sindikatuko Mikel Lakuntza, Joseba Villareal eta Leire Txakartegi; LABeko Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo eta Maider Jauregi; UGTko Dani Gonzalez eta Iñaki Gonzalez; Steilaseko Xabin Arrizabalaga, Nagore Iturrioz eta Ana Perez; ESK-ko Isa Garcia eta Txejo Ortega; CNTko Arantza Burgoa, Kepa Bermejo eta Galder Anton.

Herrialde Katalanetatik ERCko Nuria Picas eta Isaac Peraire, JxCateko Eduard Pujol eta CUPeko Albert Botran gerturatuko dira. Carod Rovirak eta Meritxell Bonetek ere bat egin dute deialdiarkin. Bestetik, bertan izateko aukerarik izango ez duten batzuek ere haien babesa adierazi dute. Besteak beste, Carles Puigdemontek eta Jordi Cuixartek.

Modu berean, bertan izanen direla baieztatu dute ETAren biktima den Rosa Roderok eta GALen biktima diren Axun Lasa eta Pili Zabalak. Are gehiago, Roderok eta Lasak izango dute manifestazioaren amaierako hitzartzea egiteko ardura. Gai honen konponbidean «aurrera» egitea «guztion ardura» dela adierazi du Lasak gaur sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean. «Ez dut ulertzen zergatik gaur egun oraindik gai hauekin egon beharra daukagu», gehitu du Roderok.

Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak ere Bilboko mobilizaziora batuko dira.

Baionako mobilizazioak ere atxikimendu ugari jaso ditu. Besteak beste, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 60tik gora hautetsik egin dute bat.