LAB sindikatuak kudeaketako arloko langileentzat deitutako hilabeteko grebaren bederatzigarren egunean eta urtebeteko negoziazioa luzearen ostean, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailean aurreakordioa sinatu zuen atzo.
Sindikatuak azaldu duenez, aurreakordioak «LABentzat ezinbestekoak jotzen zituen puntuak barnebiltzen ditu, aurreakordio historiko eta aintzindaria eta 2018ko martxoaren 6an irakaskuntza publikoko mobilizazioen testuinguruan sinatutako akordioaren garapena lortuz. Haurreskolak Partzuergoko hezkuntza kalitatea, lan zamak arinduz eta zikloaren aitortzari bultzada emanez».
Kudeaketako arloko langileen lan zamak txikitzeko helburuarekin, lanpostuen zerrenda handitzea adostu da, eta LABek iragarri duenez, 12 lanpostu gehiago lortu dira. Eta aurreakordioari esker kudeaketako langileen soldata eta kategoriak Hezkuntza Saileko langileekin parekatuko da ekainaren 30a baino lehen. Honen ondorioz, langile gehienak bi kategoria igoko dira, soldatan bataz besteko %6,7ko igoera lortuz.
Halaber, kudeaketako langileak ordezkatzeko egoerak, ordezkoen araudia eta barne sustapenak egiteko dokumentuak akordioa sinatu bezain laster indarrean sartuko dira. «Ezin dugu ahaztu LABek 2019ko otsailean kudeaketako lan poltsako zerrendak irekitzeko akordioa sinatu zuela eta harrez geroztik ordezkapen gehienak betetzen lortu dugu», gaineratu du sindikatuak.
«Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, bereziki kudeaketa alorreko langileentzat, lan baldintzak hobetuko dituelako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa eraginkorragoa izango delako. Eskerrik beroenak hezitzaileek adierazi dizkiguten elkartasun mezuengatik. LAB sindikatuak lanean jarraituko du, oinarri sendoa ezarri du lan hitzarmen berriaren negoziazioa hasteko, Haurreskolak Partzuergoak ematen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin eta doakotasuna lortu arte!», azpimarratu du.