NAIZ

Kirola eta aldarrikapena batuko dira igandeko Etxera Trailean

IV. Etxera Trail, euskal presoen aldeko martxa, Gernika-Lumo pasealekuan ospatuko da igandean. Euskal preso, iheslari eta errefuxiatu politikoen auzian ahalik eta herritar gehien inplikatzea, konprometitzea eta aktibo bilakatzea da aurtengo helburua. 700 korrikalari inguruk parte hartuko dute.

Aurten herritarren partehartzea eta inplikazioa handiena izan eta inor kanpoan geratu ez dadin, adin guztientzako moduko ibilbideak antolatuko dituzte.

Horrela, euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko elkartasun mendi-lasterketak hiru modalitate izango ditu: martxa txikia, 10:45etan hasiko da eta 6 kilometrokoa izango da; martxa luzea, 9.00etan hasiko da eta 16 kilometrokoa; eta lasterketa, 10:30etan hasiko da eta 16 kilometrokoa da.

Aurtengo edizioan, laugarrena, 700 korrikalarik inguruk parte-hartuko dute erreferentzi puntu bat bihurtzen ari den martxan, non Euskal Herriko mendietan zehar milaka pausu ematen diren preso eta iheslarien eskubideen alde. Hasiera Gernikako Merkurio iturrian izango da.

13.00etan ekitaldi nagusia ospatuko da eta antolatzaileek sariak banatuko dituzte. Ondoren, presoen aldeko brindisa ospatuko dute. Gainera, goiza alaitzeko trikitilariak eta txistularian izango dira Gernika-Lumoko kaleetan.

Aurtengo berritasuna Oihana Bartrak sortutako abestia da, eta Gorka (Leihotikan), Zaloa (Kokein), Josune (Huntza) eta Osamaren (The riff truckers) laguntza izan du. Musak (Sarkor) eman dio bateria soinua eta Urrik, aldiz, gitarra. Bideoklip bat ere estreinatu dute.