Donostiako Igara eta Añorgako erreketako, (biek bat egiten dute gutxi gorabehera Tolosa Hiribideko puntu honetan, itsasora Tximistarritik atera baino lehen), isuri kutsakorrak puntualak ez direla, «kronikoak baizik», salatu du Eguzki talde ekologistak.
«Hori bai, batzuetan, kasu honetan bezala, askoz ikusgarriagoak dira beste batzuetan baino», gaineratu du ohar batean.
Bailarako saneamenduan urtetan «utzikeria handia» egon dela azaldu du, eta azkenaldian bai Urak (Uraren Euskal Agentzia) bai Donostiako Udalak «eskua sartu» dutela nabarmendu dute: «Beharbada batez ere bailarako isurketak Ondarretako hondartzan tarteka gertatu diren ur fekalengatiko kutsadura-kasuen iturburu izan zitezkeela Udalak susmatu zuenetik».
Gainera, kolektorera lotuta ez zeuden edo gaizki lotuta zeuden enpresa batzuen arazoak konpondu eta kolektore nagusiaren zati bat berritu dutela ere azaldu du talde ekologistak.
Azalpenak Urari eta Udalari
Gauzak horrela, isurketek jarraitzen dute eta, Eguzkiren iritziz, «bistan da egiteko asko geratzen dela». Horren ondorioz, Donostiako Udalari eta Ura agentziari eskatu die gertatutakoari buruzko azalpen publikoak eman ditzatela.