NAIZ

Iruñeko Udal Plaza, jendez mukuru haur eskolak euskaraz bermatzeko

Enrique Maya Navarra Suma-ko alkateak haur eskola euskaldunak murrizteko asmoa agertu ondoren, jendez bete da gaur eguerdian Udal Plaza, «euskarafobia» salatu eta euskaraz irakasteko eskubidea defendatuz. Iruñea Kantuz ekimenak alaitu du giroa.

«Euskaraz bizi nahi dut» aldarria, Iruñeko Udal Plazan. (Iñigo URIZ | FOKU)
«Euskaraz bizi nahi dut» aldarria, Iruñeko Udal Plazan. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Guk euskaraz, zuk zergatik ez’, Francoaldiaren osteko kanta aski ezagunak oraindik ere baduela zeresana agerian gelditu da larunbat honen eguerdian Iruñeko Udal Plazan. Ehunka eta ehunka lagun, ia Plaza goraino betez, elkartu da Enrique Maya alkateak euskara haur eskoletan murrizteko azaldu duen asmoari aurre eginez.

Hurrengo hiru urteetan zenbait eskoletan gaztelera euskararen ordez sartuz eta beste hainbatetan ingelesa erabiliz, euskarak egun duen presentzia galduko duela iragarri du Navarra Suma-ko alkateak. Bere asmoa bururaino eramaten lortuko balu, egun euskaraz ikasi nahi duten %40aren aurrean %15era baino ez zen helduko Iruñeko Udalaren eskaintza.

Jarrera guztiz deitoragarria dela azaldu du Iruñean Haur Eskola Euskaldunen aldeko Plataformak. «Euskarafobia» ozen salatu dute bildutakoek. «Maya entzun Iruñea euskaldun!», izan da gehien nabarmendu den oihuetako bat.

Iruñea Kantuz ekimenak lagundu du ekitaldia, eta ondorioz haurrekin eta gurasoekin batera aiton-amon ugari ere bildu da protestara. Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak ere parte hartu du. Kontseiluko Paul Bilbaok ere; hauxe txiokatu du: