Laukote berri batek hartuko du txanda otsaileko ‘Beste bat’ saioan. Joseba B. Lenoir, Gorpuzkings, Broken Brother Brass Band eta Iñorkiñak taldeak arituko dira, txandaka, astelehenetik ostegunera saioa egiten. Ezin aurretik jakin musikari bakoitzak ‘Beste bat’ saiorako osatuko duen fonoteka, baina, otsaileko parte hartzaileek oholtza gainean jorratzen duten estiloa kontuan edukiz gero, inoiz baino anitzago dator otsaileko ‘Beste bat’: rocka, trapa, trikitixa eta jazza.
Otsaileko astelehenak Joseba B. Lenoir musikariarenak izango dira. Proiektu ugaritan aritutakoa da beratar gitarra-jotzailea. Aritu da bakarka zein taldean: Izaki Gardenak, Saioa edota Willis Drummonden. Berriki eman dute jakitera bere hastapen taldea izan zen Sexty Sexers oholtzetara itzuliko dela.
«Euskal Herriko traparen heroiek» egingo dute astearteetan ‘Beste bat’ saioa. Horrela definitzen dute haien burua Hondarribiko Gorpuzkings taldeko kideek. Lehenak izan ziren trap musika euskaraz egiten.
Iruñeko Broken Brother Brass Band-eko Jon Zelestinok hartuko du lekukoa asteazkenetan. Banda nafarrak New Orleans-eko talde berrien soinua uztartzen du: funk, gospel eta jazz modernoa jorratzen baitute emanaldietan. Iñorkiñak Usurbilen sortutako triki-pop musika taldea da, 2015an jaio eta 2019an atera dute haien lehen diska, izen homonimoarekin. Natali Izagirre, Ixak Arruti, Joseba Tapia eta Igone Goikoetxea, eta Igor Alkortaren parte hartzea izan dute lehe diskan.
Zuzenean eta podcast bidez
Abuztuan ekin zion ‘Beste bat’ saioak NAIZ Irratian, geroztik, 20 sortzailek hartu dute parte saioan. Musikari bakoitzak haren gustuko fonotekari tiraka osatutako ordubeteko saioek osatzen dute ‘Beste bat’; ekainera arte luzatuko saioaren etapa hau.
Zuzenean 15.00etan eskaintzen ditu saioak NAIZ Irratiak (errepikapena 21.00etan), bai sarean eta baita FMz ere. Nahieran ere entzun daitezke NAIZ Irratiko webgunean eta ohiko podcast plataformetan.