NAIZ
ZALDIBAR

Eitzaga auzoan segurtasuna bermatzeko eta informazioa eskatu du Zaldibarko EH Bilduk

Lakuako Gobernuari Zaldibarko biztanleen (eta berezik Eitzaga auzokoena) segurtasuna bermatzeko eskatu du Zaldibarko EH Bilduk. Bide batez, herri honetako Udalari gertatu denari buruzko informazioa zabaltzeko esijitu dio.

Zaldibarko Eitzaga auzoan gertatu da ezbeharra. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zaldibarko Eitzaga auzoan gertatu da ezbeharra. (Gorka RUBIO/FOKU)

Istripua jasan duten langileei eta ingurukoei elkartasuna adieraziz hasten da Zaldibarko EH Bilduk zabaldu duen oharra. «Bistakoa da hau ere ekidin zitekeen lan istripu bat izan dela. Gauzak ondo egin izan balira. Baina enpresarien eta haien zerbitzuan diharduten agintarien lehentasunen artean ez daude lan segurtasuna eta osasuna», gaineratzen du.

Honez gain, hamarkadetan zabortegiaren eragina jasan duten Eitzagako auzotarrei ere zabaltzen dio elkartasuna.

«Zaldibarko ezker independentistaren jarrera zabortegi hauen aurrean argia izan da beti. Hondakinen kudeaketa ezin da esku pribatuetan utzi, pertsonen osasuna, bizitza eta ingurumena daudelako jokoan. Eta kapitalistaren helburua ahal denik eta etekin ekonomiko handiena ateratzea delako, ahal denik eta bizkorren, ahal denik eta merkeen. Pertsonen eta naturaren osasunari eraso etengabea bilakatzen direlako mota honetako zabortegiak», nabarmendu du EH Bilduk.

Gauzak horrela Lakuako Gobernuari zera esijitzen diote: «har ditzala bereahala neurriak auzoko bizilagunen eta zabortegiko langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Aztertu dezatela airearen, lurraren, lur-azpiaren eta uren egoera».

Udalarentzako ere beste eskaera bat dute: «Berehala eman diezaiela informazioa herritarrei gertatutakoaz eta hartutako neurriez, Eitzagako auzokideekin hasita».