Manex ALTUNA

Adurizen agur «berezia» Anoetari

Denboraldi amaieran futbolari profesionala izateari utziko dio Aritz Adurizek. 39 urte beteko ditu astearte honetan aurrelari zuri-gorriak eta derbia jokatu ez arren, agur esan nahi izan dio Anoetari. Donostiarra izanik, zelai berezia dela berarentzat gogora ekarri du. Bertan egin zituen lehen bi golak Athleticekin 2006an.

Adurizek bere Instagram kontura igotako argazkia.
Adurizek bere Instagram kontura igotako argazkia.

Aritz Adurizek ezin izan zuen berdegunetik agurtu Anoeta. Garitanok bigarren zati hasieran egin zituen hiru aldaketak eta Realaren golak jasotzerakoan, aurrelari donostiarra jokatzeko aukerarik gabe geratu zen. Hala ere, Adurizek sare sozialak baliatu zituen Realaren estadioari agur esateko. Zelai hortan egin zituen 2006ko urtarrilean bere lehen bi golak Athleticen lehen taldearekin. Neguko merkatuan fitxatu zuen Athleticek Valladolidetik jaitsiera postuak ekiditeko eta Javier Clemente entrenatzailea zela helburua bete zuten denboraldi amaieran.

Donostiarra da sortzez eta agur mezuan gogora ekartzen du: «Anoetari agur esateko ordua da. Adio berezi bat Donostia nire jaioterria delako. Zelai honetan bizitako oroitzapen onekin geratzen naiz». Aurrelariak zorte ona opa dio gazteleraz Realari etorkizunean.

Adurizek 39 urte beteko ditu astearte honetan, otsailaren 11an. Athleticen zaleen artean oso jokalari maitatua dela argi dago, taldearen ikurra izan baita azken urteetan.

Hemen Instagram kontua igotako mezua osorik:

 

Garitanoren hitzak

Derbiak zenbait ika-mika sortu ditu sare sozialetan. Batez ere, Muniainek Oyarzabali egindako sarreraren harira. Athleticeko kapitainak txartel gorri ikusi zuen eta barkamena eskatu zion jarraian Realekoari. Garitanok ere onartu zuen merezitakoa izan zela kaleratzea eta Txantreakoa berandu iritsi zela baloira. Athleticeko entrenatzailea, Realean jokatutakoa da eta partida ostean argi utzi zuen ez zaiola batere gustatzen derbia galtzea. Partida aurretik zaleen artean izaten den giroa goraipatu zuen eta Anoetan galdu ondoren ere Kopako finalean bi euskal taldeak elkarren aurka aritzea nahiko zuela errepikatu zuen. Txuri-urdinek sailkapena lortzearekin poztuko zela esan zuen.