Zaldibar, Eibar, Ermua, Mallabia eta Markinan mobilizazio jendetsuak egin dira astelehen arratsalde honetan, zabortegian gertatutako istripua eta geroko kudeaketa salatzeko.
Ermuan eta Eibarren izan dira manifestazio handienak, inguruko bi hiri handienak dira-eta.
Markinan elkarretaratze zaratatsua egin dute auzokideek. Leloak baino gehiago, txistuak eta lapiko hotsak entzun dira han-hemenka, esaterako Ermuako Udaletxearen aurretik pasatzerakoan.
Ahoz aho ibili dira manifestarien artean, bai eta sare sozialetan ere, Iñigo Urkulluk gaur Zaldibarren jazotakoaz egindako adierazpenak. Sentsibilitate falta handia somatu du askok, bai hitzetan bai eta erabilitako tonoan ere. #ZaldibarArgitu traola ari da haserrea eta argipenen eskaera bitzen.
Tristura eta egoneza handia eragin du Zaldibarren jazotakoak Euskal Herria osoan, baina bereziki, jakina, herri horietan. Adibide gisa hauek dira Izaro Andres musikari mallabiarrak Twitterren zabaldutako mezuak:
Zaldibarrekoa desastre bat da. Denbora luzez larriki gaizki kudeatutako zerbaiten emaitza. Ezin da konpondu, eta hemen gaude orain. Agintariak isilik, eta besteok beldurrez. Seguru Mallabira begira dabiltzala hondakinak mugitzeko. Eta biraka jarraituko du ustelkeriaren gurpilak.
— Izaro Andres (@IzaroAndres) February 10, 2020
Besarkada bana desagertutakoen senitartekoei. Eta hondakin arriskutsuekin lanean dabiltzala ez dakiten langileei. Eta hondakin toxikoak arnasten bizitzera kondenatu gaituztenoi, galdetu gabe. Diruak eta botereak ustelduta bizi gara. Bizitzak eta natura erdigunera.
— Izaro Andres (@IzaroAndres) February 10, 2020
Gehiengo sindikala, kalera
Bestalde, euskal gehiengo sindikalak protesta deitu du ostegunean, Bilboko Arriaga Plazan, 18.30etan hasita. «2020. hasiberritan, hamaika hildako jasan ditugu Euskal Herriko lantokietan eta bi langile desagertuta dauzkagu Zaldibarko luizian. Instituzioetako arduradunen atsakabe eta elkartasun hitzekin nekatuta gaude, ekintzarako garaia da», nabarmendu dute.
Gasteizko Jaurlaritzari zuzenki begira jarrita, «egun dauzkan baliabide guztiak prekarietateari aurre egiteko erabil ditzala esijitzen diogu (ikuskaritza, Osalan...) eta segituan prekarietatearen aurkako larrialdi plan bat onar dezala, pandemia honi aurre egiteko»