Manex ALTUNA

Athletic, herritik sortu zinalako maite zaitu herriak

Sekulako harrera jendetsua egin diote Athleticen autobusari. Giro beroa ere San Mames inguruetan, zaleek badakite Granadaren kontrako partidaren garrantzia eta taldeari indarra emateko gogotsu daude.

Athleticen autobusa San Mamesera iritsi den unea. (@AthleticClub)
Athleticen autobusa San Mamesera iritsi den unea. (@AthleticClub)

Gaizka Garitanok behin eta berriro aipatu zuen gutxitan jokatzen direla Kopako finalerdiak eta zaleen bultzada behar dutela Granada gainditzeko. Andaluziarrak ez dute Bartzelonaren ospea, baina talde sendoa dira eta aurkari gogorra. Kanporaketa martxoan erabakiko da Granadan. Hala ere, Athleticen zaleek taldea hauspotu nahi izan dute San Mamesera iristerakoan.

Joan den astean jende andana elkartu zen eta oraingoan ere ikusgarria izan da. Piratak taldeak antolaturiko ekimenean inoiz baino bengala gehiago erabili dituzte. Goizean azaltzen zutenez, 120 bengala piztu dituzte Athleticen autobusari harrera egiteko. Aurreko astean 70 bat izan ziren.

Ez da partida aurreko ekimen bakarra izan. San Mames inguruak jendez gainezka daude eta giroa bero dago. Iñigo Cabacas Herri Harmailak bertan behera utzi behar izan zuen Pozas kaleko topaketa. Joan den astean baimen eta neurri guztiak bete arren, Ertzaintzak isunak jartzearekin mehatxatu baitzien, antolakuntzatik kanpo bengalaren bat piztu zelako. ICHH-tik argi utzi nahi izan dute «beti» betetzen dituztela eskatzen dizkieten segurtasun neurri eta baimenak.

Oztopoei erantzunez, sare sozialetan eta watsap-aren bitartez Pozasen elkartu eta San Mamesera kalejiran joateko mezuak zabaldu dira azken orduetan, «herritik sortu zinalako, maite zaitu herriak» eta «ICHH-k ezin badu egin, herriak egingo du» lemapean.