Maddalen Iriarte, EH Bilduk Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetan aurkeztuko duen hautagaia, Durangon izan da gaur goizean, herritar eta eragileekin partekatzen azken urteetan egindako lana eta aurrera begira ekarpenak jasotzeko.
Iriartek gogoan izan ditu Alberto Sololuze eta Joakin Beltran, Zaldibarko zaportegian oraindik aurkitu ez dituzten bi beharginak. «Izena, izana zuten bi gizon. Familia, lagunak, lankideak dituztenak. Beraz gaur ere gure elkartasun eta maitasun hitzak haiei, pasatzen ari diren egoera dramatiko honetan».
Zentzu horretan «zehatz-mehatz» zer gertatu den argitzeko lanean ari direla nabarmendu du Iriartek. «Hainbeste egun pasa dira, eta egoerak berdin jarraitzen du. Langileak lur azpian, familiak kontsolamendu barik, herritarrak kezkatuta, zabortegia sutan, herritarrak haserre, beldurtuta», gehitu du.
Zer nolako Euskal Herria eraikiko den lantzeko bidean antolatu ditu ekitaldi hauek EH Bilduk. «Herri honek, herri honetako jendeek gaitasun izugarri erakutsi izan dute beti, beraiengatik, gutako bakoitzaren eguneroko lanagatik puntako herria da Euskal herria», adierazi du. Eta politikak jendartearen mailan egon beharko lukeela gehitu.
«Zaldibartik, Eibartik eta Ermuatik iristen zaizkigun berriekin kezkatuta gaude, oso kezkatuta. Atzo arratsaldean zabaldu ziren berriak ez dira inolaz ere lasaitzeko modukoak», berretsi du.
Zabortegiaren inguruan gertatzen ari dena «ulertezina» dela nabarmendu du. «Nola da posible egunetan esatea airearen kalitatea ona zela, goizean bertan Jaurlaritzako bozeramaileak hori bera esatea, eta arratsaldean kontrakoa esatea, jendeari leihoak itxita edukitzea eskatzea? Parametro batzuen emaitza ez zutela jakinda, nola da posible herritarrei ez ohartaraztea? Bazekiten bost egunez egia osoa ez zietela esaten herritarrei. Bazekiten. Nola da posible hori gertatzea eta osasun publikoarekin jolastea? Arduragabekeria iruditzen zaigu».
Horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak «gobernu hobea merezi dutela» adierazi du hautagaiak. «Krisi eta larrialdi egoeran burua ezkutatuko ez duen gobernua behar dugu. Lehen unetik herritarrei erantzuna emango diena». Zentzu horretan, gogoan izan du Lakuako Gobernuak eta EAJk, kasu honetan, oposizioaren aurka hartutako jarrera. «Oposizioari irainka aritu beharrean, arazoak konpontzeko etengabe lan egingo duen gobernua nahi eta merezi dugu».
Beste alde batera ez begiratzeko konpromisoa hartu du Iriartek. «Herri justuago bat, duinago bat, beraz, feministago bat, enplegu bizigarriekin, bizitza proiektuak egiteko modua emango dutenak», jarri ditu jomugan.