NAIZ

«Irristatutako hondakin masa egonkorra ez delako» segurtasuna indartu dute AP-8an Zaldibarren

«Geologoek egindako etengabeko monitorizazioak zehazten du zabortegia hautsi ondoren irristatutako hondakin masa ez dela egonkorra», adierazi du Bizkaiko Aldundiak, Zaldibarko AP-8 autopistan eta Ermuko saihesbidean segurtasun neurriak indartu dituela iragartzeko.

Lubizia pairatu duen Zaldibarko zabortegia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Lubizia pairatu duen Zaldibarko zabortegia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Zaldibarko AP-8 autopistan eta Ermuko saihesbidean segurtasun neurriak indartu dituela jakitera eman du Bizkaiko Aldundiak. Izan ere, Zalbidarko «zabortegia hautsi ondoren irristatuko hondakin masa ez dela egonkorra» azaldu du Aldundiak. Dena den, «hamaika egun hauetan ez dela desplazamendu esanguratsurik izan» gaineratu du.

«Autobidea trafikoari ixteko Ertzaintzarekin batera ezarritako protokoloa indartzen da, geologoek alerta aktibatzen badute luizi berriak gertatzeko arriskuagatik. Harri-lubeta egiteko dikeaz gain, autobidearen babesa handituko du Aldundiak, jausien aurkako pantaila dinamiko baten bidez, eta neurri gehigarriak aztertzen jarraitzen du», azaldu du Bizkaiko Diputazioak.

«Ermuko autobidean eta saihesbidean segurtasuna indartzeko neurri berriak aztertzen jarraitzeaz gain, Aldundiak lan handia egin du hamaika egun hauetan zabortegiaren ezaugarri geoteknikoak sakon ezagutzeko, autobidera ateratzen den ibarrean zehar irristatu zen material-masari eusteko neurriak aztertu eta hartzeko, eta autobidea trafikorako irekita mantentzeko neurriak hartzeko, erabiltzaileen segurtasuna bermatuz», gaineratu du.

Bizkaiko Aldundiak igorritako oharrean adierazten denez, «funtsezkoa da hondakin-masaren eta haren jatorrizko lursailaren ezaugarriak ezagutzea, ondorengo jarduketak baloratu eta zehazteko».

Azterketa topografikoa

Gauzak horrela, zabortegiko «funtsezko puntuetan« 19 lekuko (prisma) kokatu dituztre teknikari espezializatuek inguruako ikusteko. «Estazioak etengabe bidaltzen ditu seinaleak prisma horietako bakoitzera, eta errebotea jasotzeak aukera ematen du eskala milimetrikoan mugimendurik gertatzen den zehazteko», azaldu du Diputazioak.

Bihar, bigarren estazio topografiko bat martxan jartzeko lanekin amaitzea aurreikusten da, kontrol sistema indartzeko.

Diputazioak jaso dituen datuen arabera, hilaren 6tik ez da «desplazamendu esanguratsurik gertatu, nahiz eta zabortegiko hondakin irristatuen masa ezegonkorra izan».

«Ezegonkortasun hori irristatze berrien moduan ager liteke inguruko baldintzak aldatuz gero, batez ere euriagatik», gaineratu du Bizkaiko Aldundiak.

Inguruan harri-lubertazko dike bat eta «bultzada handiak jasateko gai den metalezko sare bat paratu ditu Diputazioak. «Egindako kalkuluen arabera, materialak berriro irristatuz gero, euste-dikearen eta pantaila dinamikoaren baturak 7.700 metro kubiko isurketa atxikitzeko adinako gaitasuna emango luke. Otsailaren 6an, ostegunean, autobidera eta N-634 errepidera erori zen kopurua halako bi», gaineratu du Aldundiak.