Datozen sei urteetan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 158 herrietan udal kontseiluen osaketa nolakoa izango den erabakitzeko hauteskundeak martxoaren 15ean eta 22an izango dira eta Euskal Herria Baiko kideak bertan izango dira.
«Badira urteak EH Baiko kideak herrietako plataforma desberdinetan lanean ari direla, dinamika desberdinak bultzatzen edota herri bakoitzeko errealitateari hobekien erantzungo dion moldean lan egiten», jakinarazi du mugimendu abertzale, ezkertiar eta ekologistak.
EH Bairen iritziz, «lurra eta etxebizitza, trantsizio energetikoa, justizia soziala eta elkarbizitza bezalako gaiak lantzeko aukera eskaintzen dute» herrietako hauteskundeek, eta hain zuzen ere, arlo horietan lan egingo dutela iragarri du: «Justizia soziala, trantsizio ekologikoa eta gure lurraldearen burujabetza defendatuko dituzten dinamikak sustengatuko ditugu».
Herri plataformak eta hautagaiak
Adibide moduan, Baionako plataformak Baiona Berde & Elkarkidea izena izango du, eta Jean-Claude Iriart eta Sophie Bussiere izango dira hautagai nagusiak. Hendaian, ostera, Hendaia Biltzen plataformako hautagai nagusiak Laetitia Navarron eta Iker Elizalde izango dira. Brice Morin izango da Biarritzen aurkeztuko den Euskal Herrian Verte & Solidaire plataformako ordezkaria. Donibane Lohizunen, Paxkal Lafitek ordezkatuko du Herri Berri plataforma.
Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiriburuen kasuan ostera, Donibane Erne plataformako ordezkari gisa Xabi Larre aurkeztuko da Donibane Garazin, eta Maulen, Beñat Elkegaray izango da Aitzina Maule plataformako ordezkari nagusia.