Alavesek irabazi du Athleticen kontrako derbia Mendizorrotzan partidako azken minutuetan. Rodrigo Ely brasildarrak lortu du garaipenaren gola geldikako jokaldi batean. Porrot mingarria zuri-gorrientzat eta hiru puntu oso baliotsu etxekoentzat.
Gaizka Garitanok bigarren itzulian gehien erabiltzen ari den hamaikakoaren alde egin du Mendizorrotzan. Hiru erdiko atzelarirekin defentsa indartzea bilatzen du talde zuri-gorriak eta hegalak Yuri eta Caparentzat izaten dira. Horri aurre egiteko Asier Garitanok lateral bikoitzaren aldeko apustua egin du eskumatik Ximo Navarro eta Martin Agirregabiria jarrita.
Partida aurretik Alaveseko entrenatzaileak iragarri bezala, Muniainek bere gain hartu du Athleticen erasoko jokoa gidatzeko ardura. Etxeko taldean berriz, Lucas Perez eta Joselu izan dira erantzunkizun handiena izan duteneak.
Gaizka Garitanok Alaves geldikako jokaldietan arriskutsua dela ohartarazi zuen aurreko egunean, baina lehen kolpea Athleticek eman ahal izan du korner batean. Laburrean atera dute baloia Yurirentzat eta honen erdiraketa Williamsek Pachecoren eskuetara errematatu du. Raul Garcia Elyren huts bat baliatzeko zorian izan da ondoren eta Alavesen erantzuna Lucas Perezen bitartez iritsi da.
Athleticek zailtasun handia izan du denboraldi osoan zehar golak egiteko estrategiako jokaldietan. Espanyolen zelaian Villalibrek gola egin zuen kornerra laburrean aterata. Mendizorrotzan ere antzeko zerbait egiten saiatu dira eta horrela lortu du Raul Garciak gola 17. munutuan falta bat laburrean aterata. Muniainek erdiraketa egitea espero zutenean, Yuriri bidali dio pasea sakonean eta honen erdiraketa nafarrak sareetara bidali du ezkerrarekin Vesgaren hutsa konponduz.
Alaves ere min egiten saiatu da geldikako jokaldietan. Joseluren burukada bat ederki gelditu du Unai Simonek lehen zatian. Kontraerasoan ere ederki moldatzen dira gasteiztarrak eta horrela lortu dute partida berdintzea Athleticen defentsa lekuz kanpo harrapatu ostean. Azkenean, Yeraik Aleix Vidali penaltia egin dio eta Lucas Perezek ez du barkatu.
Partida orekatua zelaian eta txartel hori ugari Mateu Lahozekin. Zuri-gorriak urduriegi ibili dira une batzuetan epailearen erabakiak kritikatuz. Atsedenaldian Athleticeko jokalariek jarraitu dute Ximo Navarrok Williamsi egindako falta batengatik gorria eskatuz. Asier Garitanok neurriak hartu ditu Ximo Navarrok eta Agirregabiriak txartela zutela ikusita eta Edgar zelairatu du harrobiko jokalariaren ordez.
Erritmoa jaitsi da bigarren zati hasieran eta protesta artean igaro dira lehen minutuak. Muniainek penaltia eskatu du Ximo Navarrok kamisetatik tira egin ostean lurrera bota ostean, baina Mateu parean zeukan.
Aukera gutxi erasoan. Alavesek atzean ondo jarrita itxaron dio Athletici eta zuri-gorriak biderik ezin aurkitu izan dira. Caparen jaurtiketa bat korner batean eta ezer ere ez etxeko taldearen eskutik. Arrisku pixkat sortu dutenean jokoz kanpo geratu dira. Hala ere, giroa bero harmailetan eguraldiak lagundurik Mendizorrotza bete egin da 19.412 ikuslerekin. Athleticen jarraitzaile ugari ere harmailetan.
Azken txanpan iritsi dira aldaketak. Burke eta Pons sartu dira Alavesen eta Lekue, Aduriz eta Larra Athleticen. Azken txanpan pausu bat aurrera eman dute etxekoek eta Lucas Perezek eduki du aukera hoberena erdiraketa-jaurtiketa bat langara bidali ostean. Luzapenean iritsi da garaipenaren gola Alavesentzat. Elyk egin du geldikako jokaldi batean eta hiru puntuak etxean geratu dira.