Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia jaiaren 41. edizioa Elorrioko Txintxirri ikastolak antolatuko du, maiatzaren 31an. ‘Hel Horri!’ lelopean eta hiru elorri zuhaixka irudi dutela egingo dute euskararen alde. «Gurean ere, beste herri uztietan bezala, ikastola herritik sortu zen, herriak sortu zuen eta, orain ere, herriarekin eta herrirako egiten dugu lan, orain dela 50 urteko ilusio eta gogo berarekin», azaldu dute.
Modu honetan, Elorrio eta «heldu horri» arteko hitz jokoarekin «zerbaiti ekin edo bide bat hartzeko, indarrez eta gogoz» egitea aurreikusten dutela adierazi nahi izan dute. «Zeri heltzan diogun ikastolan? Euskara eta Euskal Herriari, elkartasunari, berdintasunari, auzolanari, biharko euskal herritar prestatu eta kritikoak sortzeari...», gehitu dute.
Gaur goizean Euskaltzaindian egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, hiru helburu nagusirekin ari dira lanean. Alde batetik, «hezkuntza eredua herriratzea, ezagutzera ematea». Hezkuntza eredu horretan, «ikasketa prozesuko protagonista nagusia» ikaslea dela azpimarratu dute eta «pedagogia aktiboa, ebaluazio hezigarria, adin desberdinen arteko harremanak edo familiekin elkarlana» sustatzen dute.
Bestetik, «erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea» dute jomuga. Zentzu horretan, haur hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria eraiki nahi dute eta XVII. mendeko Txintxirri jauregiko espazioak berrantolatu. Hirugarrenik, herriko eragile eta taldeekin «harremanak sendotzeko beharra» nabarmendu dute.
Elkarlan eta harreman sendotze horretan sortu dute ere aurtengo abestia. «Guzti-guztia ikastolan egin dugu. Gurasoak, lagunak, ikasle izandakoak, irakasleak, langileak eta ikasleak auzolan handi batean elkarrekin aritu ostean, zer garen eta nor garen ezin hobeto adierazten duen kanta dugu».
Urte guztian zehar ariko dira lanean, ez soilik maiatzaren 31an, eta bidean, euskara sustatzeaz gain, «parekidetasuna, jasangarritasuna, parte hartzea eta inklusioa» era bultzatuko dituztela adierazi dute.