Otsailaren 27an Osakidetzako Lanbide-karrerako eskubidea exijitzeko elkarretaratu ziren langileak Gasteizko egoitza nagusian. Satse, CCOO eta UGT sindikatuek iragarri zuten protesta eta, martxoko hilabetean, asteartero mobilizazioak egiteko asmoa erakutsi zuten. Baina euskal hiriburuetan egungo koronabirus-agerraldiak sortutako egoera dela-eta, aldi baterako bertan behera utzi dituzte mobilizazioak. Hala, astearte honetan egitekoa zena (hilak 3) ez dute burutuko.
«Aldarrikapen hori oso garrantzitsua den arren, erantzukizunez jokatuz, kutsatzearen alde egin dezaketen egoerak saihestu nahi» dituztela abisatu dute sindikatuek.
Testuinguru horren aurrean, bertan behera utzi dituzte Txagorritxu, Basurtu, Santa Marina eta Donostiako ospitaleetan astearte honetarako, martxoaren 3rako, aurreikusita zeuden protestak.
Datozen asteetarako deitutako gainerako mobilizazioei dagokienez (hilaren 10ean, 17an eta 24an), «osasun-egoera horren bilakaeraren zain» daudela azaldu dute.
Deialdirik ez 2012tik
Afera honi irtenbidea bilatzeko, mahai-sektorial bat eratzea eskatu zioten sindikatuek Osakidetzari eta langileen ordezkariek azaldu zutenaren arabera, ez zuten erantzunik jaso agintarien aldetik.
Gauzak horrela, karrera geldiaraztearen ondotik sortutako kalteak konpondu ditzan exijitu zuten pasa den asteko protestan.
Osakidetzak ez du deialdi berririk egin 2012. urtetik. Honengatik, sindikatuek azaltzen dute, pertsona asko geratu direla aurrerapausorik eman ezinda, nahiz eta eskubidea izan «karrera maila berri» bat eskuratzeko.