naiz
Arrasate

Hainbat ekimen Arrasaten, bi herritarren 30 urteko espetxealdien harira

Josu Arkauz eta Unai Parotek 30 urte daramatzate espetxean eta datozen asteetan hainbat ekimen eginen dira Arrasaten. Jose Manuel Pagoaga eta Eugenio Barrutia errefuxiatuak, berriz, duela 50 eta 35 urte atera ziren etxetik eta ez dira itzuli. Guzti honen harira, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta manifestazio bat antolatu dituzte datozen asteetarako.

Asteartean agerraldia egin zuten Arrasaten.
Asteartean agerraldia egin zuten Arrasaten.

Josu Arkauz eta Unai Parotek 30 urte daramatzate espetxean eta datozen asteetan hainbat ekimen eginen dira Arrasaten. Martxoaren 13an, ‘Biziarteko zigorrik ez’ hitzaldia eskainiko dute Haizea Ziluaga eta Txema Matanzas abokatuek herriko kultur aretoan. Hilaren 18an, berriz, ‘Argi izpiak txarrantzen artean’ liburua aurkeztuko dute. Martxoaren 27an ‘30 urte kantuz’ ospatuko dute, hamarkada bakoitzeko kantu adierazgarri bat abestuz eta apirilaren 2an, 19:00etan, ‘30 urte asko da. Aski da! Biziarteko zigorrik ez’ lelopean manifestazioa eginen dute.

Asteartean agerraldia egin zuten Arrasateko Kultur aretoan. «Atxilotutako garaian indarrean zegoen 1973ko kode penala aplikatu zitzaien. Kode penal honen arabera, izaera bera duten delituengatik bateratu egin daitezke zigorrak. Eta garai hartako legea aplikatuz, 30 urte horiei kendu behar zaizkie espetxean egondako tarte horretan lortutako erredentzioak edo espetxe zigorraren murrizketa: onura arrunta, espetxean egindako bi eguneko bat ematen zizun espetxe sistemak; eta berezia, beste hainbeste ikasketak, kirola, eskulanak eta abar egiteagatik. Hau guztia zigortuta egon gabe. Eta nola lortu hori zigor sistema guztia euren esku egonda?».

Era berean, gogora ekarri zuten «legearen espiritua, eta honen arabera helburu nagusia, zigortutako pertsona gizarteratzea dela». Arkauz eta Paroti lege hau ez zaiela aplikatu salatu dute. «Etengabe trikimailu desberdinak erabiliz, zigorra luzatzen saiatu dira eta lortu ere bai. Euskal Herrian nozitu dugun gatazkan espetxean salbuespenezko legedia ezarri eta gogortuz joan dira, kaleratzea ezinezko bihurtzeko asmoarekin», gehitu zuen.

Unai Paroten kasuan, lehenik «Parot Legea» deiturikoa aplikatzen saiatu ziren, erredentzioa gehienezko 30 urte horietatik aplikatzen hasi beharrean, zigor osotik kentzen hastea. Horrekin lortzen zuten 30 urte osotasunean bete beharra. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak ezetza eman zion lege honi eta preso ugari atera ziren espetxetik sententzia horrekin, baina zegokiena baino denbora gehiago eginda espetxean. Gainera, Parot bitan epaitu zuten ETAko kidea izatea leporatuta.

Arkausen kasuan, aldiz, bereizi egin diote frantziar edo espainiar espetxeetan egindako denbora tartea. Era berean, bai bata zein besteak eta haien senideek pairatzen duten urrunketa gaitzetsi dute, Puerto de Santa Maria eta Murtziako espetxeetan daude-eta, etxetik 1.000 kilometrotara. «Guk ez ditugu epaituko Josu eta Unai. Pentsatzen dugu euren zigorra aspaldi bete zutela eta kalean egon behar direla. Are gehiago, gaur egun bizi dugun egoeran: ETA dagoeneko ez da existitzen, baina presoen senideek milaka kilometro egiten jarraitzen dute. Mendeku hutsa da, astebururo pairatzen duten biolentzia eta heriotza asko ekarri duena. Beraz, lehen urrats bezala, Euskal Herriko espetxeetan nahi ditugu eta ondoren kalean».

Bestetik, Jose Manuel Pagoaga «Peixoto» eta Eugenio Barrutia «Arbe» errefuxiatuen kasuak ere nabarmendu zituzten. Lehenak 50 urte baino gehiago daramatza etxetik kanpo eta bigarrenak 35 Venezuelan.