NAIZ

Feminizidioen aurkako greba historikoa egiten ari dira Mexikoko emakumeak

Martxoaren 8ko biharamunean greba egun historikoa ari dira egiten milaka eta milaka emakume, #UnDiaSinNosotras lelopean, Mexikon. Izan ere, bertan egunero-egunero batez beste hamar emakume hiltzen dituzte.

Mutil batzuk, ikastetxera bidera, grebaren kartel baten ondoan. (Pedro PARDO | AFP)
Mutil batzuk, ikastetxera bidera, grebaren kartel baten ondoan. (Pedro PARDO | AFP)

Inoiz ikusi gabeko protesta ari dira burutzen astelehen honetan Mexikoko emakumeak, feminizidioen aurkako aldarri masiboa. Grebak #UnDiaSinNosotras leloa hartu du, eta horixe ari da izaten. Askok lantokira joateari utzi egin diote, ohiko etxeko lanak gizonezkoen esku utzi, edota dendetara ez dira sartu.

Aurretik, igandean jada 80.000 emakume inguruk manifestazioa egin zuten Mexiko Hirian, Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna zela-eta, baina benetako jauzia astelehen honetan ematen ari da.

Zokalo enparantzak irudi bitxia utzi du goizean-goiz, emakumezkoek bezperan utzitako margoak garbitzea soilik gizonezkoek osatutako brigaden ardura izan baita.

Gobernu federalak eta udal gobernu gehienek greba feminista honen alde egiten dute.

Grebak duen jarraipenaren datu zehatzik ez dago oraindik, baina nabarmentzekoa da Unibertsitatean izan duen arrakasta, ikasle eta irakasle gehientsuenak gizonezkoak izan baitira.

Aldiz, prekarietate handiena duten lanpostuetan emakumezko gehiagok egin dute lan gainerako astegunetan bezala, diru beharrak bultzatuta.Protesta molde honekin argi gelditzen da indarkeria matxistaren aurkakotasunetik haratago doala protesta. Baina arazo guztien artean feminizidioena da, dudarik gabe, aldarrikapen premiazkoena, datu ofizialen arabera 1.000 inguru izan batitira iaz hildako emakumeak, baina beste kalkulu batzuen ustez egunero hamar ingururi kentzen diote bizia.