'Zaldibar Argitu, ereduaren agortzea agerian' izenburupean, esparru akademikoko eta kultur alorreko 84 pertsona ezagunek manifestu bat izenpetu dute. Zaldibarkoa ez dela soilik inguruko herrietako biztanleei soilik eragiten dien kontua, eta gertaera horrek «geure gizartearen zein ingurumena kudeatzeko indarrean dagoen ereduaren agortzea agerian jarri duela» laburbiltzen du.
Ramon Zallo, Laura Mintegi, Eñaut Elorrieta, Igor Elortza, Iban Zaldua, Idurre Eskisabel, Mario Zubiaga, Eider Rodriguez, Mari Luz Esteban, Jule Goikoetxea, Joxerramon Bengoetxea, Katixa Agirre, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Zabaleta, Lore Erriondo, Iratxe Retolaza... daude sinatzaileen artean.
Desagertutako langileen senideei eta hondamendia jasan duten auzotarrei babesik beroena helarazi ondoren, zera adierazten dute: «Premiazkoa da aldarrikatzea osasun publikoari eta herritarron bizi kalitateari modu zuzenean eragiten dieten esparruak kontrol publiko zorrotz eta arduratsuaren begiradapean behar dutela egon. Komunitate zientifikoak aho batez onartua du jendarte aberatsen bizi-ereduak ondorio kaltegarriak sortzen dituela kliman zein ekosistema bizietan, eta hondakimen produkzio masiboa da horren sintoma adierazgarrienetako bat».
«Zaldibarreko gertaerak are gordinago agertu du trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialaren beharra. Arrazoi historikoak ere hala erakutsi du, Zaldibarreko zabortegia debekatzeko ahaleginari edo munduko organismo ezberdinetatik azken hamarkadatan etorri zaizkigun hainbat ohartarazpenei kasu egin izan balitzaie, ez ginateke gaur gauden une arriskutsuan egongo, hondamendi ekosozialaren adierazpen ezberdinen lekuko izanez munduko bazter askotan», eransten dute.
«Euskal gizartea (eta batez ere Zaldibar, Elgeta, Ermua eta Eibarreko biztanleak) shock egoeran sartu den honetan, trantsizioari kolektiboki ekiteko eztabaida publikoa garatzeko une egokia dela iruditzen zaigu –aipatzen dute sinatzaileek–. Hori egin ezean, antzeko gertaerak errepikatzeko aukera estrukturala ez da ezabatuko eta Zaldibar berriak etor litezke datozen urteetan, oinarriak eraldatzen ez badira».
«Naturak abisua jo digu»
Hau dela eta, «dei egiten diegu euskal gizarteko erakunde publiko nagusiei, ekimen pribatuko sektoreei eta gizarte zibilaren baitan dauden eragile ezberdinei, jakintza zientifikoa oinarri hartuta eta datu errealak mahai gaineratuta, trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialerako eztabaida zintzoa egin eta bide orri argi bat osatzera, hondakinek behar duten trataera zuzen eta zentzuzkoa barne. Naturak abisua jo digu, berma dezagun etorkizuneko belaunaldieentzako euskal lurralde bizigarri bat».