naiz

89 koronabirus kasu berrirekin, guztira 308 dira Euskal Herrian, horietako 201 Araban

Euskal Herrian 89 koronabirus kasu berri baieztatu dituzte atzotik; guztira 308 dira krisia hasi zenetik, horietatik gehienak Araban. Baionan lehen kasua antzeman dute. Gipuzkoan, aurretik osasun arazoak zituen 86 urteko gizonezko bat zendu da, herrialde horretan bigarrena. Lakua eta Nafarroako gobernuek prebentzio neurrietan indarra jartzeko beharra nabarmendu dute.

Koronabirusaren froga, Iruñeko ospitalean. (Nafar Gobernua)
Koronabirusaren froga, Iruñeko ospitalean. (Nafar Gobernua)

300eko muga gainditu da Euskal Herrian. Atzotik 89 kasu berri erregistratuta, 308 dira dagoeneko atzeman diren koronabirus kasuak, zazpi hildakorekin. Nabarmentzekoa da positibo eman duten horietatik 201 direla Araban eman direnak. Gaur 48 gehiago zenbatu dira herrialde horretan. 201 horietako 73k ospitalean jarraitzen dutela jakinarazi du Lakuak eta hildakoen kopurua ez dela aldatu.

Bigarren igoerarik nabarmenena Nafarroan izan da gaurkoan, aurretik zeuden kasuak bikoiztu baitira. 24 positiboren berri eman du gaur nafar Gobernuak; guztira 46 dira herrialde horretan. Iruñeko Gobernuak azpimarratu duenez, egin diren frogen %90ak, baina, negatibo eman du koronabirusaren frogan. Gainera, lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan dute, osasun zerbitzuak «guztiz prest» daudela azpimarratuta. Zenbakiak gora egin dezakeela onartu du Santos Indurain Osasun kontseilariak. Orain arte hildakorik ez da izan Nafarroan.

Bigarren hildakoa Gipuzkoan

Gipuzkoan koronabirusaren krisia hasi zenetik izan den bigarren heriotzaren berri eman dute. 86 urteko gizonezkoa da hildakoa, aurretik osasun arazoak zituena. Herrialde horretan, gainera, beste kasu berri bat atzeman dute gaur, guztira bederatzi. Bi dira ospitalean jarraitzen duten kutsatutako pertsonak.

Bizkaian, aldiz, 15 kasu berri baieztatu dituzte, guztira 51 positibo. Ospitalean 27 lagunek jarraitzen dute eta bi dira denbora honetan zendutako pertsonak.

Bai Lakua bai Nafarroako gobernuek prebentzio neurrietan indarra jartzeko beharra nabarmendu dute.     

Aurreneko kasua Lapurdin

Aipatu kasuez gain, Baionako ospitalean ingresatu duten gizonezko batek positibo eman du. 40 eta 60 urte bitartekoa da, eta bere egoera ez da larria.