Gipuzkoako ikastola guztien jaia urriaren 4an izango da aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkilen, bertako Zubimusu ikastolaren eskutik. Hala ere, berritasunez betea dator Kilometroak jaia, Donostian eginiko agerraldian azaldu dutenez.
Herrialdeko ikastolak azken lau urtetan hausnarketa prozesu batean murgilduta dira eta, Gaizka Ezeiza Kilometroak 2020ko Zubimusu ikastolako koordinatzaileak esan duenez, bide horren «amaieran gaude, eta hemendik aurrera beste jai bati hasiera emateko prest eta gogotsu» daude Gipuzkoako ikastolak, «Kilometroak jaia ez baita amaitzen ari, indarberritzen baizik».
Gipuzkoako ikastolen adostasunarekin, 2020tik aurrera, «gure jendartea euskalduntzeko hezkuntza eremutik garatu behar diren bideen defentsa eta aldarrikapena sustatzeko» antolatuko da jaia.
Urte osoan zehar
Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen artezkaritza kontseiluko eta Kilometroak Kultur Elkarteko leendakariak azpimarratu duenez, «euskara eta euskal kulturaren defentsan, herriari onura soziala sorraraziko dien egitasmoak antolatuko ditugu, jai gozagarri, osasungarri eta errespetagarrien bidez ludikotasuna bultzatuz. Horretarako, jai egun bakarrera mugatu beharrean, urte osoan zehar hedatuko diren ekintzak eta jaiak egingo dira».
Bi ardatz izango dituzte ekimenek: «Batetik, lurraldeko ikastola guztien parte hartzea bermatuko duen ‘Ikastolak harrobi kulturala’ egitasmoak landuko ditugu; eta bestetik, ‘Ikastola plazara’ Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako ekintzen bidez».
Berritze fase horren baitan, herri onurarako egitasmoak ere martxan jarriko dituzte. Horien artean dago Pello Mari Otaño ikerketa beka, bertsolaritzarekin lotura izan eta garaikidea ere baden gai bat ikertzea helburu duena.
‘Euskal Herria ezagutu nahi gurekin?’ da aurtengo Kilometroak jaiaren bueltan martxan jarriko den proiektuetako bat. Bizilagun berriei harrera egitea helburu duen egitasmo honetan, hiru txango antolatuko dira, garai ezberdinetan eta Euskal Herriko toki desberdinetara, «elkar ezagutzeko eta harremanetarako tresna» izango direnak.
Hausnarketarako
Horrez gain, Kilometroak jai bat izanik, sentsibilizazio eta kontzientziazio lanari ere tartea egin nahi diote, aisialdiaz eta jaiaz gozatzeko erabili ohi den moduari buruz.
«Hitzaldien eta unitate didaktikoen bidez, kontsumo arduratsuaren zein jai askeen aldeko aldarrikapenak zabaldu nahi dira», esan du Aana Santamaria Zubimusuko zuzendariak.
Kilometroak Eguna eta Milimetroak
Kilometroak jaia ikastola baten inguruan antolatu arren, Gipuzkoako ikastolen jaia dela gogoratu dute. Horregatik, Kilometroak Eguna urriko lehen igandearekin antolatzen jarraituko bada ere, Gipuzkoako herri guztietara eraman nahi dute jaia.
Beñat Ezeiza Kilometroak jaiaren barruko Ekinjolasjai batzordeko buruak zehaztu duenez, «iaz Zubimusu ikastolatik antolatu genuen Milimetroak jaiari segida emanez, Milimetroak jaiak izango dira aurreantzean Kilometroak egitasmoaren beste ardatz nagusietako bat». Aurten hiru festa egingo dituzte, bakoitza tematika baten inguruan: Tolosaldean (kultura arteko inklusoa sustatuz), Oarsoaldean (naziotasuna eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza-sistema aldarrikatuz) eta Debagoienan (kooperatibismoa eta auzolana balioan jarriz).
Horrez gain, euskara eta euskal kultura ardatz dituen Euskarajolas ekimen ludikoaz ere mintzatu dira, urtean zehar hainbat topaketatan garatzen joango dena eta urriaren 4an, Gipuzkoako ikastola guztien artean azken topaketa handian amaituko dena.