«Koronabirusaren hedapenak osasun publiko arazo bat ekarri du, baina ez hori bakarrik, baita krisi sozial bat ere», adierazi du Ernaik ohar baten bidez. «Gure Herriaren bizitza ekonomiko, politiko eta sozialean eragin zuzena izaten ari da». Honen aurrean, Ernaik aurretik zituen erronka jendetsuak bertan behera uztea erabaki du, tartean apirilaren 10, 11 eta 12an antolatzekoa zen bidEHbat ekimena.
«Antolakunde feminista eta antikapitalista gara, eta zaintza erdigunera ekartzeko apustua egiten dugu. Pertsonala politikoa dela sinesten dugulako, COVID19aren aurrean antolakunde bezala erantzutea dagokigu», gehitu du gazte erakundeak.
Koronabirusari erantzun integreal bat ez zaiola ematen ari nabarmendu dute. «Bizitzak kapitalaren gainetik daude eta lehentasuna osasuna, eskubideak eta neurriak dira. Asko ari da hitz egiten ondorio ekonomiko larriez eta horri aurre egiteko besteak beste, enpresei diru laguntzak emateaz. Gure ustez ondorio ekonomikoak ezin dira langileon eta sektore prekarizatuenen gain geratu», azpimarratu dute. Zentzu horretan, «babes eta errekonozimendu osoa» helarazi diete Osasunbidean zein Osakidetzan lanean ari direnei.
«Osasuna eta bizitzak erdigunera ekartzea dagokigu. Herri bezala erantzuteko eta bizitzak modu kolektiboan zaintzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Gure ohiko jardun militantearen zati handi bat baldintzatuta egoteak, eta gutako hainbaten kasutan baita, esaterako, heziketa berrantolatu behar izateak, denboraren kudeaketa orekatzera eramaten gaitu. Denbora hori bera bizitzak kolektiboki sostengatzeko baliatzea proposatzen dugu, gazteok ere kasu honetan lehen lerroan egon gaitezen», nabarmendu dute.
BidEHbat ekimenak gazte andana batu eta horien artean harremandu eta elkar-ikasteko plaza izatea zuen helburu. «Ezin dugu jokatu gizartean gertatzen ari dena kontutan hartu gabe».
Baina militantziari eta gazteei, oro har, dei egin diete. «Gure ideia gazteon artean zaintza kate bat herriarekin artikulatzen hastearena da, kontaktu bide bat irekitzea zaintza lanak behar dituzten herritarrekin eta horri aterabidea ematea: umeak edo nagusiak zainduz, otorduak prestatu eta banatuz… norabide horretan sortzaileak izan eta tokian tokira egokitutako praktikak bultzatuko ditugu gazte mugimenduko kideekin batera».