Otsailaren 6an aurkeztu zuten «Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: Garapena Herriko etxeetan» izenburua duen txostena. Baionan Merkataritza ganbaran egindako agerraldian hogei bat herri eta hirietako hautagaiak izan ziren eta proposatutako neurriekin bat egiteko asmoa azaltzen duen «engaiamendua» proposamena sinatu zuten.
Arlo desberdinetan euskara garatzeko neurri zehatzak proposatzen dituen dokumentuak «hizkuntza politika bat abiatzeko edo jadanik abiatutako bati segipena emateko eta sakontzeko balio» duela argitu zuten Euskal Konfederazioko, zein Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluko ordezkariek Baionako aurkezpenean.
Aurkezpen hura egin zutenetik, «Engaiamendu» dokumentua sinatu duten herri zerrenden kopuruak gora egin du eta argitaratu dituzten azken emaitzen arabera, 33 herritan aurkeztu diren 55 zerrendek izenpetu dute euskara sustatzen laguntzeko konpromisoa erakusten duen txostena. Sustatzaileen esanetan, «batzuek hauteskundeen ondotik engaiatuko direla adierazi dute».
Gainera, Euskal Konfederazioak aditzera eman duenez, hauteskundeen ostean ere, konpromisoa adierazten duen txostena izenpetzeko gonbidapena berriz luzatuko diete herrietako zerrendei eta hautagaiei.