Ane URKIRI

Donostian kale egoeran daudenekin «ahaztu» egin dira, eta ez da toki bakarra

Donostiako Herritarron Harrera Sareak komunikatu bat helarazi du kale egoeran dauden pertsonak babeste aldera, Udalari neurri batzuk eskatuz. Alarma edo salbuespeneko egoera honetan are gehiago txartu da etxerik ez dutenen egunerokoa eta hori kontuan hartzea eskatzen dute. Astelehen arratsaldez, Donostiako Udalak jakinarazi du etxerik gabekoentzat «arreta antolatzen» ari dela.

Migranteak, Irunera heldu berritan; iazko uztaileko irudia. (Gorka RUBIO)
Migranteak, Irunera heldu berritan; iazko uztaileko irudia. (Gorka RUBIO)

Etxean geratzeko agindua ematean, non geratzen dira kale egoeran dauden pertsonak? «Lehen nahikoa arduratuta bageunden, orain are gehiago», adierazi dio NAIZi Donostiako Herritarron Harrera Sareko kide Garazi Montschik. Plataforma honen ustetan ez da hartu kontuan egoera zahurgarrian daudenen egunerokoa eta, hartu diren neurriak beharrezkoak direla ulertuta, kale egoeran daudenentzat beste alternatiba bat bilatu behar delakoan da.

«Behar genuen guztia itxi digute», dio Mohamed-ek, 20 urteko marokoarrak. Kale egoeran dago eta adierazi du, esaterako, lehen 12 orduz «deskantsatu» egiten zuten edo babestuago sentitzen ziren eguneko zentroak ixtean, egoera gogorrean geratu direla.

Jadanik batzarrak egin dituztela aurreratu dio NAIZi baina ez diela eskaini konponbide bat ere ez. Lehen goizeko bederatzietan eguneko zentrorantz abiatzen ziren eta orain, «kalean egon behar dugu denbora guztian», nabarmendu du. Azken orduetan Ertzaintza zein Udaltzaingoetatik helarazi diren isun mehatxuen beldurra areagotu du Mohamedengan. «Orain parkean nago eta abisatu didate atzo jada isunak edo abisuak eman zituela Poliziak. Oraingoz ez didate ezer esan», azaltzen du.

Beste arazoen artean, komunikazioarena dago. Mugikorren bateriak kargatzeko zituzten baliabide guztiak itxi dituzte. «Tabakalera edo liburutegian kargatzen genituen normalean», zehazten du. Herritarren aldetik ez du antzeman babes keinurik eta laster beste bileraren bat egitearen esperoan dago, egoerari konponbidea jartzeko.

Errekurtsoa Udalean

Mohamed-ek lehen pertsonan azaldutako egoera hori beste ehundaka pertsonek sufritzen dute Donostian, eta jakina ez dela hiri bakarra. Astelehen honetan errekurtsoa jarri du Hiritarron Harrera Sareak Udalean bilera bat antolatzeko asmoz. Hartu beharreko neurri eta beharrizanak igandean zehaztu zituzten eta astelehenean, «alarma egoerako lehenengo egunean» zehaztu zituzten behar horiek baieztatu zituzten.

Astelehenean arratsaldez, 18.00ak aldera, Donostiko Udalak ohar bat helarazi du etxerik gabekoentzat «arreta antolatzen» ari direla abisatzeko. «Udala gizarte zerbitzuetako profesionalen bitartez, etxerik gabeko pertsonekin harremanetan jartzen ari da, azterketa pertsonalizatua egiteko eta larrialdi sanitarioen aurrean ostatu aukera ezberdinak eskaintzeko».

Erantzuna egoera zehatz bakoitzari egokituko dutela aurreratu du Udalak.

Eguneko zentroak eta gosea

Eguneko zentroak ixteko agindua eman zuen Lakuak ostiralean. Eta elikagaien bankuek, gutxienez, bi astez ixteko erabakia hartu zuten. «Neurri sanitarioak errespetatzea ulertzen dugu baina uste dugu posible dela udaletik zerbait bermatzea, irizpide guztiak errespetatuz», iritzi du Garazi Montuschik.

Gosearen arazoa biderkatu egin dela detektatu dute. Argitzen du oso harreman ona dutela Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin eta ulertzen dutela beraien jarrera, baina administraziotik zerbait gehiago eskatzen dute. Era berean, nabarmendu nahi izan du Alde Zaharreko tabernari batzuk prest agertu direla beraiei soberan zaien janaria emateko, galtzeko arriskua ikusirik.

Keinu hau «bereziki eskertu» nahi izan du, hala nola beste herritar askoren parte-hartzea ere. Guztira, 56 pertsonek diru ekarpena egin dute eta beste batzuek tapakiak eman dituzte, hotzetik babesteko.

Egunotan sortu diren zaintza sareekin harreman zuzena izan du eta elkarren arteko elkarlana sortu dela komunikatu dute. Hiritarron Harrera Sare hau duela urte eta erdi sortu zen gazte migranteei babesa erakutsi eta beraien beharrizanei erantzun asmoz.

Lo egiteko espazioak

Babespean lo egiteko lekurik gabe geratu direla ohartarazten dute eta gogoratu dio NAIZi Bilbon, esaterako, kiroldegia egokitu dutela horrelako kasuetarako.

Egunean zehar orduak pasatzeko ez dute lekurik, ezta –Mohamed-ek aipatu bezala– mugikorra kargatzeko baliabiderik ere. Kalean hainbeste ordu emate horretan, isunen beldurra hor zegoen eta Hiritarron Harrera Sareak kasu hauek salbuesteko eskakizuna kudeatu du Udaltzaingoarekin.

Barakaldoko Berri Otxoak plataformak, esaterako, ohartarazi du udaltzainek espazio publikoa uzteko agindua eman dietela kale egoeran dagoen pertsona bati. Udalerri honetako aterpetxeek gauez bakarrik hartuko dituzte pertsonak eta egunez, kalean egotera behartuak egongo dira zerbitzuaren erabiltzaileak. Alternatiba bat eskaintzea exijitu diote Barakaldoko Udalari.