NAIZ

Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak telefonoz arreta emateko boluntario sarea eratu du

Bizitzen ari garen berrogeialdi-egoera honek eragina izan dezake pertsona askoren gogo-aldartean, bai isolamenduarengatik bai jasotzen dugun informazioagatik. Laguntzeko helburuarekin, Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak boluntario sarea osatu du telefonoz aritzeko. Bestalde, Nagusilanek «Zilarrezko Haria» doako telefono bidezko zerbitzua indartu du.

Bizitzen ari garen berrogeialdi-egoera honek eragina izan dezake pertsona askoren gogo-aldartean. (SHIRONOSOV)
Bizitzen ari garen berrogeialdi-egoera honek eragina izan dezake pertsona askoren gogo-aldartean. (SHIRONOSOV)

Osasun krisi eta alarma egoera honetan laguntzeko asmoarekin, Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak kode etiko eta deontologiko batean oinarritutako kalitatezko arreta bermatzen duten osasun psikologoen zerrenda sortu du. Haietako guztiak elkargokideak eta behar bezala gaituak dira.

«Badakigu, eta eskertzekoa da, egoera zail honetan herritarren hainbat laguntza ekimen sortzen direla, baina uste dugu arreta psikologikoa soilik berme profesionalekin eskaini behar dela, horregatik, Elkargoak bere boluntarioen talde propioa eratzea erabaki du», azaldu dute ohar batean.

Deiak elkargotik kudeatuko dira 10.00etatik 14.00etara, eta ondoren profesional bati esleituko zaizkio, bai goizeko ordutegian bai arratsaldekoan. Arreta telefonoa 692566160 da eta zerbitzua ostegunean hasiko da.

Nagusilanen «Zilarrezko Haria»

Bestalde, Nagusilanek `Zilarrezko Haria´ doako telefono bidezko zerbitzua indartu du. Honen bidez, solasaldi atsegin batekin lagundu nahi diete bakarrik dauden adineko pertsonei.

Entzute aktiboaren bitartez lagun hauei laguntzen dieten esperientzia handiko boluntarioek osatzen dute taldea. Harremanetan jartzeko 900 713 771 telefonora deitu eta izena eta harremanetarako telefonoa utzi daiteke erantzungailuan. Horrez gain, 688 741 451 telefonora deitzen ahal da astelehenetik ostiralera, 10.30etik 14.30era, edo WhatsApp bat bidali.

Nagusilan Adin Nagusiko Giza Boluntariotza Elkarteak 2000. urtetik du zerbitzua, baita deiei erantzun ahal izateko formatutako boluntario taldea ere. Zerbitzua jasotzen duten pertsonen adin berekoak dira, eta, solasaldi atsegin baten bidez, egoera honetan bakardade eta konfinamendu sentsazioa arintzen laguntzen dute.

Pertsona adinduak identifikatuta dituzten edozein arlotako profesionalei ere zuzendu diete deialdia: hitz egiteko beharra duten adineko pertsonak ezagutzen badituzte Nagusilaneko boluntarioekin harremanetan jartzera animatzen dtuzte. Zerbitzua hilodeplata@nagusilan.org helbide elektronikoaren bidez eska dezakete.