NAIZ
GASTEIZ

Euskal Herriko mugimendu feministak krisi mahaia osatu du zaintzen kolapsoari aurre egiteko

Euskal Herriko mugimendu feministak krisi mahai bat sortu du, eta bertan hogei bat ahotsek parte hartuko dute. Lehengo bilera birtuala astelehenean izango da.

Mugimendu feministak martxan jarri du krisi mahaia. (Jon URBE/FOKU)
Mugimendu feministak martxan jarri du krisi mahaia. (Jon URBE/FOKU)

Covid-19ak sortutako zaintzen kolapsoari heldu nahi dion mahai tekniko-politikoak bere lehen bilera egingo du astelehenean, hilak 23, 16:00etan. Mugimendu Feministak azaldu duenez, hogei eragile baino gehiago mahai birtual baten inguruan elkartuko dira. «Ez dute parte hartuko euskal eta nafar gobernuek, izan ere ez diote Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzun», adierazi dute.

Euskal gehiengo sindikalaren ordezkaritza zabal batek parte hartuko du, LAB, ELA, Steilas eta CNT sindikatuen bitartez. Alderdiei dagokienez, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak eta Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak parte hartuko dute. Azken honek azpimarratu du «mugimendu feministak egoerari momentuak merezi duen mailarekin heltzen ari zaiola». Equok Erika Martinez aukeratu du beraien alderdia ordezkatzeko.

Eragile politikoez eta sindikalez gain, «berebiziko garrantzia duten beste eragile batzuk» eseriko dira mahaian, Josebe Iturroizek azaldu duenez, «errealitatea ezagutzeak jendarte osora iritsiko diren neurri askoz intersekzionalagoak planteatzea ahalbidetuko digulako». Eragile horiek dira, besteak beste, Batera Zaintza sare herritara, etxeko langileen elkartea den ‘Trabajadoras No Domestikadas’,  Ahizpatasuna emakume feminista magrebtarren elkartea eta Amuge emakume ijitoen elkartea.

Hainbat gaitan diharduten lau aditu feminista ere mahaian izango dira. Amaia Perez Orozco ekonomialaria, Bea Ilardia indarkeria matxistan espezializatutako abokatua, Mati Iturralde lehen arretako medikua eta Jule Goikoetxea politika publikoetan aditua. Azkenik, mugimendu feministaren ordezkari gisa, Josebe Iturrioz eta Naia Torrealdai joango dira eta koordinazio teknikoa Zuriñe Rodriguez ikertzaileak egingo du.

Lehenengo lan-saio horretan mahaiaren helburuak, metodologia eta lan-kronograma bat ezarriko dira. «Badakigu hau ez dela bi eguneko gauza izango horregatik oinarriak ondo finkatu nahi ditugu», dio Torraldaik. «Mugimendu feminista bere indar guztiak honetan jartzen ari da. Arduratsuak gara, eta neurrira egongo gara», adierazi du Iturroizek.