Ostiralean, martxoak 27, euskal presoek ezingo dute bisitarik izan, baina presente egonen dira konfinamenduan dauden senide eta herritarren etxeetan. Horixe da Sare eta Etxerat antolatzen ari diren ekimenaren asmoa. Saio berezi bat prestatzen ari dira, 19.00etan Sareren facebook-ean emanen dutena, baita Hamaika Telebistan ere.
Sareko kideek NAIZi jakinarazi diotenez, 30 minutu inguruko saioan, alde batetik, hainbat senideren esperientziak bilduko dituzte. Bereziki gaixo larriei, adinekoei, motxiladun haurrei eta bakartutako presoei begiratuko diete. Senideen ahotik jakinen dugu nola dagoen presoa, nola eragiten dioten koronabirusa dela-eta hartu diren neurriek eta zein kezka dituzten bai barrukoek eta bai kanpokoek.
Ane Labakak bertso batzuk kantatuko ditu gai horiek aipatuz, eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak irakurketa labur bat partekatuko du.Bestalde, kultur munduko hainbat artistak elkartasun mezuak bidaliko dituzte, ipuin, abesti edo poema formatuan. Ondoren, 19.30etik aurrera, herritarren txanda izanen da.
«Etxetik senideei gure goxotasuna transmititu eta salbuespen legediarekin amaitzeko aldarriak sareetan zabaltzeko deia luzatzen dugu. Aldarri, mezu, marrazki... bat paperean idatzi eta argazkia ateratzera gonbidatzen ditugu herritarrak, ostean, euren sare sozialetan zabaltzeko, #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiliz. Bestelako bideo, abesti, bertso, dantza erakustaldi...egitera animatzen den oro ere, bere goxotasuna eta aldarria zabaltzera animatzen dugu».
Hala, bisitarik gabeko ostiralean, presoak sare eta etxeetan egonen dira nolabait.