NAIZ

Jarduerak gelditzeko erabakiak ezin dituela langileak kaltetu ohartarazi dute euskal sindikatuek

LABek erabakia berandu datorrela salatu du eta ELAk, bere aldetik, sektoreen artean diskriminaziorik ezin duela sortu adierazi du.

Erabakia sindikatuek deitutako haserre egunaren biharamunean heldu da (Aritz LOIOLA/FOKU)
Erabakia sindikatuek deitutako haserre egunaren biharamunean heldu da (Aritz LOIOLA/FOKU)

Krisi hau hasi zenetik eskatu dute euskal sindikatuek beharrezkoak ez diren jarduerak eteteko eta alde horretatik Pedro Sanchezek gaur arratsaldean hartutako erabakia begi onez ikusi dute ELA eta LAB sindikatuek. Hori bai, bi sindikatu abertzaleak kritiko agertu dira agintariek orain arte izandako jarrerarekin.

LABek neurria «berandu» datorrela adierazi du ohar batean eta horrek «hainbat langile eta familia kutsatuta» egotea ekarri duela. Are gehiago, salatzen du etenaldia ezartzea «langileen kontura» hartutako erabakia dela «orduak berreskuratzearen truke». «Neurrion ondorioak, beraz, langileon bizkar jarri nahi dituzte» eta horregatik patronalak krisi hau ere ez ote duen ordainduko galdetzen dute, eskandalagarritzat joz.

Horregatik, LABek dioenez «hau ez da horrela geratuko, hau ez da langileon kontura izango. Langileok haserre gaude, ostiraleko haserre egunean erakutsi genuen bezala» eta borrokak jarraitzen du. Gaiaren inguruan idazkari nagusiaren, Garbiñe Aranbururen, agerraldi bat ere iragarri dute biharko.

ELAk ere dekretuaren nondik norakoak zehatz-mehatz  ezagutu nahi ditu, balorazio zabalagoa egin aurretik, baina neurri horiek ezin dutela langile klasea «kaltetu, ezta sektoreen arteko diskriminaziorik sortu» esan du. «Positibotzat» jo du zientzialarien aholkuak jarraitzea. Ohar batean diotenez, «erabaki horrek agerian uzten du patronalak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur arte defendatu duten gradualismoa akats eta arduragabekeria hutsa zela; langile klasearen eta kolektibo ahulenen osasunaren eta eskubideen defentsak lehentasuna izan behar du».

Era berean, ELAk «funtsezko jardueretako lanetan ari diren pertsonen baldintza arriskutsuak» salatu ditu. Gaineratu dutenez, «kasu askotan, osasun eta zaintza-lanetan esaterako, emakumeek lan egiten duten sektoreak».