Larunbatean iragarri zuen Estatu Espainoleko presidente Pedro Sanchezek ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomikoak gelditzeko dekretua osatu zuela Gobernu espainolak. Euskal Herri mailan gehiengo sindikalak eskari hori egin zuen konfinamenduko lehen astetik, «langileen osasuna» lehenetsiz. Are gehiago, pasa den ostiralean «haserre eguna» deitu zuten neurri asko exijitzeko. Horrenbestez, ELA, LAB, CCOO eta UGTk begi onez ikusi dute erabakia.
Nolanahi ere, kritiko azaldu dira dekretua onartzeko moduarekin. Ia gauerdian argitaratu baita Estatuko Aldizkari Ofizialean ezinbestekoak diren eta hortaz, lanean jarraitu behar duten sektoreen zerrenda. Langileria klasearen artean honek kezka areagotu duela uste du LABek, «gaur (astelehen) goizean lanera joan beharko zuten ala ez jakin gabe egon direlako». Era berean, dekretua aztertuta, patronalak egingo duen interpretazioari adi egongo dela abisatu du, «salbuespenetarako tarterik ireki ez dadin».
CCOOren ustez dekretua onartzeko modu «zentzugabeak nahasmena» sortu du eta «hau ez da ona langile eta enpresarientzat». «Ez da normala ostiralean adieraztea egoera guztiak aztertzen ari direla, larunbatean presidenteak planteamendu zehatz bat iragartzea eta planteamendu honen dekretua atzo 23.30ak arte ez onartzea», adierazi du astelehen honetan CCOOeko idazkari nagusi Loli Garciak. Gainera, iritzi du erkidego bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu behar zirela: «Ez da berdina Gaztela eta Leon edo Euskadi».
ELA, bestalde, bere webgunean argibide batzuk zehazteko beharrean ikusi da Aldizkari Ofizialean argitaratutako testuak sortu dituen zalantzak argitze asmoz. Gobernu espainolak hartutako erabakia «albiste ona da Estatuko Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko hartutako erabakia, nahiz eta duela zenbait egun hartu behar zen, lantokiak kutsatzeko foku nagusietako bat zirela agerikoa zenean».
«Osasun publikoa lehenesten duen eta normaltasuna azkarrago berreskuratzen duen neurri positiboa» dela uste du ELAk.
UGTk ere erabaki zuzentzat jo du oinarrizkoak ez diren jarduerak etetea, uste baitu Gobernu espainolak osasun adituen gomendioak jarraitu dituela. Dena den, onartu du erkidego guztien onespena izatea izango litzatekeela egokiena, EAEko Gobernuak adierazitako kritiken harira.
ELA eta LAB, patronala eta Lakuarekin haserre
Patronalaren eta Lakuako Gobernuaren jarrerarekin haserre agertu dira ELA eta LAB, dekretua onartu ondotik ere beraien interesak defendatzen saiatzeagatik.
Oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko neurria «egun gutxirako» izanik, mezu «katastrofista» zabaltzea leporatu dio LABek Confebaski. «Ikusi da, oso modu nabarmenean, patronalak bere interes ekonomikoak lehenetsi dituela osasunaren gainetik. Ikusi da arduragabekeriaz jokatu duela eta, arduragabekeria horretan, inolaz ere ez dela egon patronalaren erantzukizun sozialik».
Patronalak eta Lakuak defendatzen jarraitzen duten «gradualismoa akatsa eta arduragabekeria» dela ohartarazi du ELAk. Gasteizko Gobernuko ordezkariek, «herritarren osasunaren gainetik», interes ekonomiko partikular batzuk defendatzen dituztela ondorioztatu du eta jadanik geldituta zeuden jarduera ekonomikoez «ahaztu» izana leporatu die: «'Koma ekonomikoaren' argudioari ere ez da eusten; izan ere, ez dituzte kontuan hartzen gainerako jarduerak (zaintzak, zerbitzuak...), eta ez dira gai pandemiak funtsezkoak ez diren jarduerei eusteagatik izango lukeen eragin tragikoa –ekonomian ere bai– aurreikusteko».
LAB sindikatuak ondorioztatu du patronalak nahiago zukeela honi aurre egin «negoziaziorik gabeko ERTEak edo kaleratzeen bidetik, baimen ordainduekin baino». Lakuari aurpegiratu dio patronala defendatzeko azkar mugitu eta «etengabe» ari dela kritikatzen Madrileko Gobernua eta krisiaren hasieran, alarma egoera ezarri zenean, «Urkulluk esan zuen ez zuela 10 segundo baino gehiago galduko zentralizazioa kritikatzeko».
«Ikusten dugu, berriro ere, krisi honetan bilatzen duena dela krisiaren ondorioak langileek bakarrik pairatzea», kexatu da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu.
Ondorio ekonomikoekin kezkatuta
Koronabirusaren osasun krisi honek ezinbestean ekarriko du –eta jada nabari da– krisi ekonomikoa ere. ELA eta LAB gai hontaz ere mintzatu dira beraien balorazioan, «kezkatuta» baitaude honek ekarriko dituen ondorioekin.
Krisi honen ondorioak langileen bizkar gainean erortzea saihestu nahi bada, «2008ko krisiarekin gertatu bezala», langileria aktibatzeko deia egin du Garbiñe Aranburuk.
ELAk, bestalde, egoera honek «lezio» asko utziko digula iritzi du: «Adibidez, gero eta beharrezkoagoa den trantsizio produktibo, sozial eta ekologikoari heldu beharko zaio».
Dena den, bien ustetan orain lehenasuna osasun arazoari aurre egitea da. Eta honekin lotuta, oinarrizko sektoreetan lanean dabiltzan beharginen segurtasuna bermatuta egotea exijitzen du CCOOk.