ELA eta LABeko buruek, Mikel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk, sinatu duten gutun batean langileen osasuna eta koronabirusa gelditzea lehenesteko eskatu diote Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Denis Itxasori igorri dioten gutun batean.
Lehenik eta behin, oinarrizko zerbitzuetan lan egiten duten langileentzako beharrezkoak diren neurri guztiak bermatu behar zaizkiela nabarmendu dute.
Honekin batera, konfinamendurako neurri zorrotzagoak behar direla gaineratzen dute, «oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro» etenda. Komunitate zientifikoak jarrera hau berresten duela gogoratzen dute.
Izan ere, EAEn «infekzio foko nagusiak lantokietan daudela» salatze dute eta hori ez dela onararria gaineratzen dute. Mercedesen 40 kasutik gora izan direla eta 300etik gora aztertzen ari direla gogoratu dute.
Madrilgo Gobernuak zentralizazioaren aldeko apostua egin izana ere salatzen dute bi sindikatuek, salbuespen egoerari aurre egiteko hartu behar diren erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla gaineratuz.
«Ez zaigu onargarria iruditzen, Confebasken interesak soilik defendatzen dituen Jaurlaritzarekin negoziazio bide bat zabalik mantentzea eta gehiengo sindikala negoziazio horietatik kanpo egotea», adierazi dute.
Nafarroan garraioa dohanik eskatu du ELAk
Nafarroako Gobernuari igorritako beste gutun batean, ELAk doako garraio publikoa eta aparkalekua eskatu du funtsezko sektoreetako langile guztiontzat, koronabirusaren krisiak irauten duen bitartean». Aparkalekuetan ere ez ordaintzea eskatu dute.
Etxeko Laguntza Zerbitzuko edo garbitasuneko langileontzako aparkaleku bereziaren bereizgarria ere eskatu dute, «beren lana egingo duten etxeetako atean edo lan zentruetan aparkatu ahal izan dezaten».