Naiz

Zurrunbilo jaialdiak euskarazko sorkuntza eszenikoari buruzko sareko elkarrizketak eskainiko ditu

Gasteizko Zurrunbilo jaialdiko egitarauko ekimen gehienak atzeratu behar izan badituzte ere, apirilaren 4ean jardunaldi berezi bat ospatuko dute. Hala, interneteko sare desberdinen bitartez artista, programatzaile eta kritikariei egindako elkarrizketak zabalduko dituzte.

Eneritz Artetxeri egindako elkarrizketa izango da zabalduko dutenetako bat. (Gorka RUBIO / FOKU)
Eneritz Artetxeri egindako elkarrizketa izango da zabalduko dutenetako bat. (Gorka RUBIO / FOKU)

Euskarazko sorkuntza eszenikoari buruzko Zurrunbilo jaialdia aste honetan egin behar zen eta azarora atzeratu da, Covid-19 gaitzak eragindako egoera dela-eta, baina bere proposamenetako bat gauzatuko du larunbatean, apirilaren 4an, ‘Euskal Arte Eszenikoen Lengoaiak eta Hizkuntzak’ topaketaren baitan sareko elkarrizketak eskainiz. Ekimenaren inguruan sortutako edukiak #zurrunbilotopaketa2020 traolarekin etiketatuko dira.

Jaialdiaren arduradunek iragarri dutenez, larunbat eguerdiko 12.00etan hasita, Gasteizko Baratza aretoak artista, programatzaile eta kritikariei egindako elkarrizketak zabalduko ditu Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube sare sozialetan dituen profiletan.

Ekimenak mahai gainean jarri nahi ditu euskal sorkuntza eszenikoaren egungo egoerari buruzko hainbat iritzi: audientzien inguruko lana, edo euskarazko sorkuntza babesteko dauden edo beharrezkoak diren politika publikoak. Halaber, artistek euskaraz sortzera eramaten dituzten motibazio nagusiak, sorkuntza horien berezitasunak edo lan honen jarraipena bermatzeko premiazkoak diren gaiak jorratuko dituzte elkarrizketek.

Zurrunbilo jaialdiko gainerako programazio osoa atzeratu behar izan dute. Halere, jakinarazi dute bosgarren ediziorako aurreikusita zuten programa berdin mantenduko dela eta azaroaren amaieran izango dela.

«Baina iruditzen zitzaigun topaketa mantendu ahal zela eta sare sozialetan interesa eta euskarazko sorkuntza eszenikoarekiko jakinmina duten pertsonekin hitz egiteko aukera gisa hartuko genuela», adierazi dute Baratza aretotik.